Ozta-ozta bada ere, Euskal Kopako azken fasera
Gernika Futbol Salak Euskal Kopako final fourrera sailkatzea lortu du, kostata baldin bada ere. 8-7ko markagailuagaz nagusitu zitzaion atzo Zierbenari, Santanapen.
Gernika Futbol Salak 8-7 irabazi zion atzo, Santanapen, Zierbenari, Euskal Kopako bigarren kanporaketan. Garaipen horri esker, Gernika-Lumoko areto futbol taldea lehiaketako hurrengo fasera igaroko da. Atzoko partiduan, hasiera-hasieratik, urduritasuna nabaria zen; izan ere, borroka gogorra ziurtatua zegoen talde bien partetik, Zierbena hautagai nagusia izan arren. Bigarren B Mailan jokatzen du Zierbenak, eta Hirugarren Mailan, aldiz, Gernika FSk. Dena dela, etxeko taldea lehen unetik partiduan oso sartuta eta joera lehiakorragaz agertu zen.
Etengabeko eraso festa izan zen, batez ere, kanporaketa partidu bakarrekoa zelako, hau da, talde biei garaipenak baino ez zien balio. Norgehiagokan zehar, ez zen jokoa argi eta garbi dominatzerik lortu zuen talderik eta, horrenbestez, markagailua etengabe dantzan ibili zen. Etxeko taldeak, minutuen joanagaz, gol bateko errentari eustea lortu zuen, eta 8-7koagaz amaitu zen neurketa. Santanapeko kantxako harmailak beste behin lepo bete zituzten ikusleek bultzada handia eman zioten etxekoei, eta Euskal Kopan aurrera egingo dute.
Finalerdietan daude.
Zierbenaren aurkako garaipenak balio bikoitza eduki zuen gernika-lumotarrentzat: batetik, ustez eurak baino sendoagoa eta maila handiagokoa den aurkari bati irabazteko gai direla frogatu zuten; bestetik, txapelketako final fourrera sailkatzeko txartela poltsikoratu zuten. Euskal Kopako finalaurrekoa eta finala asteburu berberean egingo dituzte, zapatu-domekaz. Dena dela, Gernika-Lumoko taldekoek gaur-gaurkoz ez dakite beren aurkaria eta partiduaren data zein tokia zeintzuk izango diren.
Taldekideak “oso pozik” agertu dira atzo etxekoen aurrean eskuratutako garaipenagatik. Neurketa “benetan lehiatua” izan zela azaldu dute, eta behin eta berriro erasoak eta erasoak egon zirela adierazi. “Merezitako garaipena” lortu dutela adieraziz, “oso harro” agertu dira, ligako sentsazio onak Euskal Kopan bistarazi ahal izan dituztelako. Ligan, hain zuzen, Labastidari 6-4 irabazi ondoren jokatu dute Euskal Kopako kanporaketa. Labastida Bigarren B Mailatik jaitsitako taldea izanik, gernika-lumotarrek frogatu zuten ez direla inor baino gutxiago. Euskal Kopako ametsak, beraz, bizirik dirau.