Trantsizio energetikoari buruz ariko dira Gautegiz Arteagan
Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendariak hitzaldia eskainiko du, 'Trantsizio energetikoa' izenburupean. Barikuan (otsailak 10), 19:00etan kultur etxean izango da hitzaldia.
Trantsizio energetikoaren garrantziari buruzko hitzaldia antolatu du Gautegiz Arteagako Udalak barikurako (otsailak 10). 19:00etan, kultur etxean, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendariak hitzaldia eskainiko du, Trantsizio energetikoa izenburupean.
Energia kontsumoa murriztearen eta alternatiba eraginkorragoak eta berriztagarriagoak bilatzearen garrantzia aztertuko dute bertan. Zehaztu dutenez, hitzaldiaren helburua da energia politikarik onena eraginkortasuna lantzea dela zabaltzea eta barneratzea da.
Hortaz, herritarrei euren etxeetan eraginkorragoak izaten laguntzeko gakoak emango dituzte, garraio publikoa erabiltzearen garrantzia azpimarratuko dute, eta familiek euren trantsizio energetikoa hobetzeko jaso ditzaketen laguntzen berri ere emango dute.
Berbaldiaren testuingurua euskal eredu energetikoa da, eta hortik eratortzen dira gizarte gisa eredu iraunkorrago baterantz aurrera egiteko neurriak, “petrolioaren eratorrien erabilera apurka beste energia garbiago batzuekin ordezkatzeko”.
“Aurrezpen energetikoa, CO2 emisioak, klima aldaketa eta jasangarritasuna gizarte osoa inplikatzen duten errealitateak dira, baita Gautegiz Arteagako udalerria ere”, adierazi du Juan Felix Naberak udalerriko alkateak. Dioenez, administrazio gisa, “eraikinetan kontsumoak murrrizteko” eta energia berriztagarrien erabilera “areagotzeko” konpromisoak hartzeko beharraz jarduteko eta kontzientziatzeko ardura dute: “Gure etxeetan ere klimaren eta energiaren krisiari aurre egiteko neurriak hartu behar ditugu, horregatik garrantzitsua da bizi dugun egoera, ditugun aukerak eta jaso ditzakegun laguntzak ezagutzea”.