Itxura eskasa, gehien behar denean
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak 50-26 galdu du CP Les Abelles talde valentziarraren kontra. Basurdeei ihes egin diete lehen itzulia maila handian amaitzeko beharrezkoak zituzten puntuek. Hurrengo asteko asteburuan, lehen itzulia zarratuko dute, Urbietan; UE Santboianaren aurka jokatuko dute.
La Vilaren kontra Urbietan garaipen guztiz beharrezkoa lortu ostean, Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak porrot gogorra jaso zuen atzo CP Les Abellesen kontra, Jorge Diego Pantera zelaigunean lehiaturiko Ohorezko Ligako hamabigarren jardunaldiko partiduan. Ligako sailkapenean aurrera egiteko, basurdeek beharrezkoa zuten talde valentziarraren kontra garaipena eskuratzea, baina ez ziren gai izan. Hori gutxi ez, eta gernika-lumotarrek ez zuten itxura txukunik erakutsi, batez ere, partiduko azken minutuetan.
Atsedenaldian egindako berregituratzeak ez zien fruiturik eman basurdeei
Garaipena poltsikoratu arren, beren jokoa hobetu beharra igarri zuten Gernika RTkoek La Vilaren kontrakoan, baina Les Abellesen aurkakoa are txarragoa izan zen. Izan ere, norgehiagoka hasi bezain laster, markagailuan atzetik jarri ziren basurdeak. Hala ere, neurketako estreinako entsegua Gernika-Lumokoek egin zuten: Lucas Avilak 3-7koa lortu zuen markagailuan. Hortik aurrera, baina, partidua aldapa behera ipini zitzaien Eduardo Maidaganen jokalariei: Matias Jorge Vilak, Juan Pablo Guidok eta Damian Españak entseguak egin zituzten, eta Les Abelles 24-7ko markagailu sendoagaz aurreratu zen, atsedenaldira orduko.
Aldageletatik itzulita, entrenatzaile gernika-lumotarrak zenbait aldaketa egin zituen, jokoari bestelako itxura emateko. Berregituratzeak, baina, ez zuen emaitzarik eman: etxeko taldeak nagusi izaten jarraitu zuen, eta basurdeak kontrara jokatzera mugatu behar izan ziren. Franco Luis Spagollak, Yeray Patorizak etxekoen entsegu jaialdiagaz segitu zuten, eta Gernika RTk, berriz, oso garesti ordaindu zituen egindako akatsak. Azkenean, 50-26 amaitu zuten partidua.
Eduardo Maidagan: “Jarrera eta indar falta igarri dut partidu osoan zehar, eta akatsez beteriko jokoa egin dugu”
Maidagan “atsekabetuta” agertu da Les Abellesen aurkakoan erakutsitako irudiagaz eta mailagaz: “Zortea ez dugu alde izan, baina guk geuk ere ez dugu behar zen besteko maila erakutsi; jarrera eta indar falta igarri dut partidu osoan zehar, eta akatsez beteriko jokoa egin dugu. Orain, ligako lehen itzulia ahalik eta hoberen amaitu beharko dugu, bigarrenean etorriko zaizkigun norgehiagokak hil ala bizikoak izango baitira”.
Santboiana, ortzimugan.
Ohorezko Mailako lehen itzulia Urbietan eta etxeko ikusleen aurrean amaituko dute Gernika RTkoek. UE Santboiana taldea hartuko dute, astebeteko etenaldiaren ostean. Maidaganek ligako “talde gogorrenetakoa” dela azaldu du, eta partidu “benetan gaitza” izango dela aurreratu: “Urrunago joan barik, SilverStorm El Sanvador moduko goi-mailako talde bategaz berdindu dute asteburuan; horrek agerian uzten du beraien sendotasuna”. Entrenatzaileak, dena dela, argi eta garbi utzi du Santboianakoei “ez zaiela gustatzen” Urbietara jokatzera etortzea: “Oso txarto pasatzen dute geure zelaian jokatzen dutenean, hori ere geure alde erabili beharko dugu, aukeraren bat edukitze aldera. Partidu hori hurrengo asteko asteburuan izango da.
“Santboianakoek oso txarto pasatzen dute geure zelaian jokatzen dutenean, hori ere geure alde erabili beharko dugu”
Ligako bigarren itzuliari dagokionez, jokatuko dituzten sei partiduetatik hiru etxean jokatuko dituzte. Hiru horiek, gainera, zuzeneko aurkari diren taldeen kontra izango dira: Belenos, Pozuelo eta Les Abelles. Kanpoan jokatuko dituzte, berriz, La Vila eta Ampo Ordiziaren kontrakoak. Seigarren neurketa noren kontra eta non izango den, aldiz, argitzeke dute oraindik. Santboianaren partidua orduko, “burua apur bat deskonektatzea” bilatuko dute Maidaganen jokalariek, lanera itzuli orduko. “Egun libre batzuk edukiko ditugu, fisikoki zein psikologikoki lehiaketaren presioaz apur bat ahazteko; ostean, beharrera itzuliko gara, datozen helburuak ahalik eta hoberen prestatzeko”.