Euskal derbiak ihes egin du
Lointek Gernika Bizkaiak 66-98 galdu du IDK Euskotrenen aurkakoa, Malosten. Partiduaren lehen erdian sendo agertu ondoren, bigarrenean ez dute maila eman etxekoek eta porrot gogorra jaso dute gipuzkoarren kontra.
Emakumezkoen Endesa Ligako hogeigarren jardunaldiko norgehiagokak esangura berezia eduki zuen Lointek Gernika Bizkaiarentzat: IDK Euskotrenen aurkako euskal derbia jokatu zuten, zapatuan, etxeko zaleen aurrean. Partidua maila handian hasi ondoren, Malosteko taldearen mailak behera egin zuen, eta ez zuten egoerari buelta emateko aukerarik eduki, talde gipuzkoarra nagusi agertu baitzen.
Kantxaratu bezain laster, talde biek beren armak agerian utzi zituzten. IDKk Maria Españaren eta Mariam Coulibalyren aukerak jorratu zituen, hiruko lerrotik eragiteko; Lointekek, bere aldetik, Rosó Buch kataluniarraren abiadura baliatu zuen. Partiduko lehen momentu garrantzitsua lehen laurdenean lan erditan zeudela heldu zen: Coulibalyk min hartu zuen orkatilan. Hori bai, bere hutsuneak ez zien galarazi markagailuan aurretik aritzea. Lointekek, aldiz, barrualdeko jokaldiekin egin zuen presioa. Nicole Cardañok saskira bidalitako hiruko jaurtiketagaz amaitu zuen lehen laurdena: 22-27.
Maria España izan zen IDK Euskotreneko jokalaririk nabarmenena, batez ere, azken laurdenean
Bigarrenaren hasieragaz, talde bietako entrenatzaileek aldaketak egin zituzten. Lointekek aukera bi zituen: distantzia luzeko erasoaldietan min egin ahal izateko eraginkortasun handiagoa erakustea edo, puntu gutxiago jaso asmoz, defentsa lerroa sendoagoa atontzea. Hamahirugarren minutuan, 24-32agaz, Anna Montañana valentziarrak hutsartea eskatu zuen. Donostiarrek Coulibaly jokoan sartu zuen berriro, eta Montañanak base bigaz jokatzea lehenetsi zuen. Estrategia aldaketak 7-0eko partziala eman zien etxekoei, baina IDKk ez zuen bere larrua merke saldu: ausardiaz eraso egiten jarraitu zuen. Jaurtiketa libreetan topatu zuten Lointeken ahulezia eta ez zuten kale egin. Etxekoek, berriz, Sandra Igerabideren eta Patricia Buraren kartak jokatu zituzten, eta 41-41eko berdinketagaz iritsi ziren atsedenaldira.
Ariztimuñok, Spreaficok eta Da Silvak ere ezin izan zioten partiduari buelta eman
Maria España, giltzarri.
Aldageletatik itzuli ondoren, Maria Españak partidua hankaz gora ipini zuen: minutu eta erdian, hamahiru puntu poltsikoratu zituen. Etxekoek, hirugarren laurdenean, partidua kontrolez kanpo edukitzearen sentsazioa bistaratu zuten. Itziar Ariztimuño, Laura Spreafico eta Sofia Da Silva kantxaratzeak ere ezin izan zuen hauspotu etxekoen jokoa, eta 55-74koagaz hasi zuten azken laurdena.
Laugarren laurden hura ere ez zen positiboa izan etxeko taldearentzat. IDKk bereak eta bi egiten jarraitu zuen, eta Lointekek ez zuen maila eman, batez ere, erasoaldietan. Ibaetakoak nagusi agertu ziren hiruko jaurtiketetan, eta partidua modu bikainean borobiltzea lortu zuten: 66-98ko markagailuagaz. Lointekek ez zuen une batean ere garaipenaren lehian ibiltzeko besteko sentsaziorik topatu, eta, ondorioz, ez zuen ezer egiterik izan IDK Euskotrenen kontra.
Anna Montañana: “Egoera konpontzeko borondatea eduki dugu, baina ez gara gai izan ezer ganoraz egiteko”
Montañanak, behin partidua amaituta, adierazi du taldeak hirugarren eta laugarren laurdenetan erakutsitako itxura “mingarria eta frustragarria” izan zela: “Egoera konpontzeko borondatea eduki dugu, baina ez gara gai izan ezer ganoraz egiteko; itxura txar hori guztia Malosten erakutsi izanak areagotu egiten du porrotaren mina“. Entrenatzaileak orain arte egindako prestakuntza “bikaina” aipatu du, fruiturik eman ez duena: “Azken aste bietan gogor egin dugu behar, besteak beste, alderdi fisikoari dagokionez; partiduan ez da lan hori ikusterik egon, baina jardunaldi hau ahaztea eta denboraldian aurrera egitea besterik ez dago”.