Ospakizun grina, neguari aurre eginez
Kandelario, Blas Deuna eta Agate Deuna ospatuko dituzte Busturialdeko herrietan. Eske koplen errondak, kalejirak zein gastronomia txapelketak egiteko prest daude herritarra
Tradizioari jarraituz, Busturialdeko herritarrak kandelak, makilak eta eskerako zakuak eskutan hartzeko prest daude. Egunotako euriteei eta hotzari aurpegia erakutsiko diote, eta Kandelario, Blas Deuna eta Agate Deuna ospatuko dituzte, gaurtik hasita.
Hainbat eta hainbat dira eske errondak egingo dituztenak, herrietako kaleak nahiz auzoak koplak ahotan dituztelarik bisitatuz. Erronda horietatik ateratako dirua, gainera, ongizatezko kausetarako bideratuko dute hainbatetan. Arratzun, esaterako, batuko duten dirua Minbiziaren Aurkako Elkartearentzat, Euskadiko PKU elkartearentzat eta Eritasun Neuromuskularraren elkartearentzat izango da.
Eske errondez gain, dantza, musika eta jai giroa nabarmenduko dira herri askotan: Busturian, Etxebarria trikitilari taldea izango da pintxo potea doinuz alaitzeko arduraduna; Natxituan ere trikiti soinua gailenduko da bertsolarien errimekin batera, herri bazkaria orduko.
Bermeoko Demiku auzoan, gaur ospatuko duten Kandelario Egunak aho zapore gozoa edukiko du; izan ere, luntxagaz piztuko dute apetitua eta eguerdian tostada txapelketa egingo dute, ahiezko tostadarik onenak zeinek egin ikusteko.
Elantxoben, Agate Deunaren ospakizunak esanahi oso berezia edukiko du aurten: duela hogei urte berrekin zioten elantxobetarrek egun hori ospatzeari eta, ondorioz, hirugarren adinekoen elkartekoek antolatutako eske erronda «menditik itsasora» egingo dutela azaldu dute. Hain zuzen ere, Olaeta auzotik abiatuko dira eta, herriko txokoak bisitatu ondoren, portuan amaituko dute, kantu-kantari, beren ibilbidea.
Bedaronan, berriz, Blas Deuna adin guztietarako egitarauagaz ospatuko dute bihar, arratsaldetik gauera bitartean. Ana Apika ipuin kontalariak Animaliak umeentzako ipuina kontatuko du; ondoren, herriko tabernan elkartuko dira herritarrak, afaritarako. Afalostean, berriz, Mirarik eta Aintzanek gidatutako dantzaldia edukiko dute.