Mundakako portutik 2.000 metro kubiko hondar aterako dituzte, Laidako hondartzara eramateko
Portuaren barruko dartsenak dira dragatuko dituztenak. Lanak udaberri honetan gauzatuko dira, eta bi hilabeteko epea izango dute.
Mundakako portuaren nabegazioa eta ainguratzearen “egoera egokia” mantentzeko asmoz, urtero, Eusko Jaurlaritzaren Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak Mundakako portuko kanpoko dartsena dragatzen du, baina, aurten, portuaren barruko bi dartzenetatik ere hondarra aterako dutela jakinarazi du. Hain zuzen ere, 2.000 metro kubiko inguru aterako dituzte.
Zehaztu dutenez, dragatze lanak urtero egin izan dituzte, uraren sakonera mantentzeko asmoz, baina, aurten, barrutik ere aterako dute harea, 2014tik ez delako horrelako lanik egin bertan. Behin harea aterata, Laidako hondartzako mareaz azpiko gunean edo Euskal Herriko Itsasertz Mugarteak baimendutako puntuan utziko dute.
Lanak udaberrian gauzatuko dituzte, eta bi hilabeteko epean amaitzea aurreikusi dute. Gaur gaurkoz, lanok lizitatzen ari dira, 73.000 euroko kostuagaz.