Markel Arano, Euskadiko txapeldunorde eta Espainiako Txapelketari begira
Markel Arano natxituarrak bigarren postua lortu du Basaurin lehiaturiko Kros Egokituko Euskadiko Txapelketan. Otsailaren 11n, Espainiako Txapelketa lehiatuko du Santanderren. Denboraldiko helburu nagusia izango da Kantabriakoa, eta bere burua aukerekin ikusten du.
Markel Arano korrikalari natxituarrak bigarren postua eskuratu zuen zapatuan, Kros Egokituko Euskadiko Txapelketan. Basauriko Lapatza zirkuituan Bizkai, Araba eta Gipuzkoako kros lasterkaririk puntakoenak zein baino zein gehiago aritu ziren, eta baita kanpotik bertaraturikoak ere. “Muturreko egoerak” bizi izan zituela azaldu du Aranok, eta lasterketako bigarren postua poltsikoratzeagaz “oso pozarren” agertu da: “Proba gogorra izan ze eguraldiagatik eta zirkuituaren egoeragatik; maila handia egon zenez, oso asebeteta nago bigarren amaitu izanagaz”.
Lapatza ingurua goitik behera basaztuta, ur pila bategaz eta haize ugarigaz egon zen zapatuan, eta horrek parte-hartzaile guztien esfortzua areagotu zuen. Hori dela eta, Aranok argi eta garbi eduki zuen bere estrategia: “Ondo nekien, neure sasoi fisikoagaz eta motibazioagaz, aurrealdean ibiltzeko moduan egongo nintzela; 34 urte ditut, beteranoa naiz eta, horrenbestez, gutxiagotik gehiagorako taktika baliatu nuen”. Natxitukoak “ederto” ezagutzen zuen zirkuitua, iaz Espainiako Txapelketa bertan lehiatu baitzuen.
Markel Arano: “Beteranoa naiz eta, horrenebestez, gutxiagotik gehiagorako taktika baliatu nuen”
Arano ez zen gainontzeko parte-hartzaileen erritmo bortitzean abiatu, eta, horren ordez, bere erritmoa hartuz hasi zen. Minutuen poderioz, postu ugari egin zituen aurrera, eta podiumeko jokoan sartu zen. “Lasterketa gogorra izan zen, lokatzagatik; beraz, erabaki egokia izan zen apur bat mantsoago abiatzea, amaieran oso indartsu ikusi bainuen neure burua”, azaldu du. Aranok Koldo Ibarguen basauritarra eduki zuen aurretik; “oso bizkor aritu zen”, adierazi du natxituarrak.
Santander, jomuga.
Euskadiko txapeldunorde izateak beregain dakarren “motibazio erraldoiagaz”, Arano denboraldiko helburu nagusiaren atarian dago. Izan ere, hilaren 11n, Santanderrera (Kantabria) joango da, La Madalenako zirkuituan Espainiako Txapelketa lehiatzera. Taldekako nahiz bakarkako probak lehiatuko ditu, eta aurreikuspen handiak dauzka: “Fisikoki ondo topatzen naiz, gogotsu nago, eta badaude aukerak txapela Natxitura ekartzeko, zortea alde baldin badut”. Jakin badaki, baina, Santanderreko lasterketako partaidetza “goi-mailakoa” izango dela: “Espainia osoko kros korrikalaririk bizkorrenak bertan egongo dira, eta neure bertsiorik onena erakutsi beharko dut, aukerei eusteko”.
“Badaude aukerak txapela Santandertik Natxirua txapela ekartzeko, zortea alde baldin badut”
Horren ostean, maiatzean, Aranok Gasteizko maratoian parte hartzea espero du, baina ikuspuntu guztiz bestelakoagaz. “Gasteizera kirolaz zein giroaz gozatzeko eta sasoiko mantentzeko helmugagaz baino ez naiz joango. Ez dut modu lehiakorrean hartuko maratoi hori; neure helburua disfrutatzea baino ez da izango”, argitu du.