Asier Villalibre: "Mendizorrotzako ikusleekin konektatzeko gogotsu nago"
Asier Villalibre Molina Deportivo Alaveseko jokalari bezala aurkeztu dute, Mendizorrotzan. Taldea "ezagutzen eta Eibarren kontrako euskal derbian zentratuta" dagoela adierazi du gernika-lumotarrak. Villalibrek egin ditu, dagoeneko, lehenengo entrenamendu saioak bere taldekide berriekin.
Asier Villalibre Molina futbol jokalari gernika-lumotarra jadanik hasi da Deportivo Alaves talde gasteiztarragaz lanean. Aurrelariak, iragan astean, 2025era arte berritu zuen Athletic Clubegaz zeukan hitzarmena, baina denboraldi amaierara arte talde babazorroan jokatzea adostu dute alderdi guztiek, akordio hori denboraldi amaieran luzatzeko aukeragaz. Gernikako bufaloa jadanik hasi da bere taldekide berriekin beharrean, eta estreinako entrenamendu saioak egin ditu.
“Lantaldeak lehen unetik gertukotasuna, konfiantza eta lasaitasuna transmititu dizkit”
Athleticetik Alavesera lagapena bere profesional ibilbidean “aurrerapausoa” dela adierazi du Gernika-Lumokoak, eta bere berehalako helmuga zein izango den azaldu ere bai: “Zapatuan Eibarren aurkako euskal derbia jokatuko dugu, eta bertan garaipena eskuratzea da neure lehendabiziko helburua”. Urrunagora begira, ostera, Lehen Mailara bueltatzea da taldearen helburua. Zentzu horretan, Eibar zuzeneko aurkaria da Alavesentzat. Izan ere, sailkapeneko bigarren postuan kokatuta dago, 47 puntugaz, lidertzan dagoen Las Palmas taldeagatik puntu bakarrera; Alaves, aldiz, taulako laugarrena da 43gaz.
Asier Villalibre: “Eibarren aurkako euskal derbian garaipena eskuratzea da neure lehendabiziko helburua”
Esker oneko hitzak.
Atzo aurkeztu zuten modu ofizialean Villalibre Alaveseko jokalari legez, Mendizorrotzan. Aurkezpen agerraldian azaldu zuen “lantalde atsegina, euskaduna eta hurrekoa” topatu duela Gasteizen, eta “Mendizorrotzako ikusleekin konektatzeko gogotsu” agertu zen. Jendeagaz erlazionatzeko orduan “apurka-apurka doan pertsona” modura definitu du bere burua, baina, dena dela, esker oneko berbak erakutsi ditu Deportivo Alaveseko taldeaganako: “Lehen unetik gertukotasuna, konfiantza eta lasaitasuna transmititu dizkidate”. Victor Laguardia ahotan eduki du: “Gako izaten ari da, lehenengo hartu-emagaz laguntzeko”.
Taldearentzat jokalari garrantzitsua izatea bilatuko duela adierazi duen aurkezpenean, “iraganean Bigarren Mailan jokatzen zuen Asier Villalibre hartatik urrats handia egin duela” frogatzeko. Athletic Cluben koloreekin izandako minutu eskasiari dagokionez, “bolada gogor samarra” izan dela azaldu du aurrelariak, dagoeneko “talde berriaren dinamiketan eta lan moldean zentratuta dagoela adieraziz.