Lanbide Ekimenak tokiko enpresa txikiei zuzendutako aholkularitza tailerrak eskainiko ditu
Eskualde mailako doako tailer hauetan parte hartzeko izen ematea Lanbide Ekimenak zentroan edota Internetez egin beharko da.
Lanbide Ekimenak Zentroak eta Eusko Jaurlaritzaren Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak (SPRI) doako aholkularitza teknologikoa eskainiko diete enpresa txiki eta pertsona ekintzaileei. Zehaztu dutenez, aholkularitza saio horiek Lanbide Ekimenak Zentroaren egoitzako Inplantalariak zerbitzuaren bitartez gauzatuko dira.
Ekimenaren helburua da enpresen lehiakortasuna eta eraginkortasuna hobetzea, “enpresa sareari laguntzeko eta digitalizaziora hurbiltzen laguntzeko”. Horretarako, Elektronikaren, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiei buruzko tailer praktikoak eskainiko dituzte, Jon Lejarraga Lanbide Ekimenak Zentroko presidentearen berbetan.
Hala, aholkulari propioen taldeak eguneroko jardunean teknologia berriak sartzen lagunduko die ekintzaileei, autonomoei edo enpresei. Lejarragak adierazi duenez, tresna horiei esker, “bezero gehiago” lortzea ahalbidetuko dute: “Produktuak eta zerbitzuak sustatzean gehiago salduko dute, bezeroekin interakzioan arituko dira euren beharrak ezagutzeko, eta bezeroen eskaerei aurrea hartuko diete”. Zerbitzu desberdin batekin “fidelizatu” ahal izango dituztela dio Lejarragak.
Bestalde, diotenez, “garrantzitsua” da ziberseguruagoak izaten ikastea, lapurretak, manipulazioak edo datu bahiketak saihestuko dituzten tresna eta praktiken bidez, baita denbora eta kostuak aurreztea ere, eskuz egiteko zereginak sinplifikatu edo ezabatzean. Era berean, saioetan enpresa arintzeko tresnak eskainiko dituzte, mugikorren erabilera adimentsuari buruz ariko baitira. Horrez gain, irudi berritzaileak landuko dituzte, eta enpresen zereginak automatizatuko dituzten tresnak ezagutuko dituzte.
Aholkularitza pertsonalizatua.
Eraldaketa digitaleko ibilbide horretan, gutxienez bi tailerretan izena ematen duten ekintzaileek eta enpresa parte hartzaileek banakako aholkularitza eskatu ahal izango dute, eskuratutako gaitasuna modu pertsonalizatuan sakontzeko edo finkatzeko.
Zehaztu dutenez, aholkularitza tailerrak doakoak dira enpresentzat, SPRIk diruz lagunduko baititu, eta saioak Lanbide Ekimenak Zentroaren egoitzan –Alhondiga 6, Gernika-Lumo– izango dira, goizez eta arratsaldez. Horietan parte hartzeko izena eman beharko da, bulegoan bertan edo Lanbide Ekimenak zentroaren webgunean egokitutako horretarako atalean.
Arratsaldeko ordutegia, 15:00etatik 18:00etara.
- Otsailak 16: Enpresen kudeaketa digitala.
- Martxoak 2: Paperik gabeko bulegoa.
- Martxoak 16: Adimen artifiziala lanak automatizatzeko.
- Apirilak 27: Negozioa mapetan eta medio birtualetan kokatzea.
- Maiatzak 11: Zure negozioa promozionatu, zure bezeroak dauden kanaletan.
Goizeko ordutegia, 10:00etatik 13:00etara.
- Urriak 5: Zure negozioa zure mugikorrean.
- Urriak 19: Ezagutu errealitate birtuala, NFTak eta Metabersoa.
- Azaroak 9 eta 23: Kontuz Ciber erasoekin.
- Abenduak 14: Ticket Bai.