Patrik Saitua Betanzos izango da EAJren alkategaia Gautegiz Arteagan
"Harro egoteko moduko gauza da herrikideek jaio zaren herriaren etorkizuna zuzentzeko aukeratu zaituztela ikustea. Erantzukizun handia ere bada", aitortu du Saituak. Dioenez, hasita dauden proiektuak amaitzea da bere asmoa, baita pilotalekuko kirol instalazioak hobetzea ere
Patrik Saitua Betanzos da EAJk Gautegiz Arteagako alkatetzarako aurkeztuko duen hautagaia; beraz, Juan Felix Naberanek utzitako erreleboa hartuko du maiatzeko udal hauteskundeetan. Saituak dio “ilusio handiarekin” hartu duela aukera.
“Harro egoteko moduko gauza da herrikideek jaio zaren herriaren etorkizuna zuzentzeko aukeratu zaituztela ikustea. Erantzukizun handia ere bada”, aitortu du Saituak, alderdikideek euren herriko alkategai izendatu ondoren. Halaber, badaki “erronka erraldoia” izango dela Naberanek udaletxean hainbat urtez betetako lekua ordezkatzea.
Saituak azken agintaldian garatu diren proiektuak balioetsi gura ditu. Eta, zehazki, herritar gazteenei ematen zaizkien zerbitzuak “hobetzera” bideratutakoak azpimarratu ditu, horien artean, herriko eskolan eginiko hobekuntzak –zerbitzu eta azpiegituren alorrean– edo umeentzako jolasgunea instalazio berriekin hobetu izana. Gainera, espaloiak berriztatzeko lanen hasiera, trafikoa errotonden bidez moteltzeko egin den ahalegina, hainbat kale asfaltatu izana eta udalerriaren inguruan ibilbide osasungarriak egin izana ere nabarmendu gura izan ditu alkategaiak.
Era berean, aipatu du udal kiroldegi berria “oraingo agintaldia amaitu aurretik” prest egongo dela, baita udalerriko herriko plazaren eguneratzea ere, “herritarren partaidetza prozesuagaz gauzatzen ari dena”.
Gaur gaurkoz, bidelagun izango duen lantaldearekin batzartuta dago, hauteskunde egitasmoa diseinatzeko lanean. Ildo horri eutsita, dioenez, hasita dauden proiektuak amaitzea da euren asmoa, baita pilotalekuko kirol instalazioak hobetzea ere; tartean, aldagelak eta dutxak hobetzea. Gaineratu du udal eraikinetako teilatuetan eguzki panelak jartzeko asmoa dutela, “etorkizun jasangarriagoa bermatzeko”, baita Zelaieta ondoko kaleetako irisgarritasuna hobetzeko eta trafikoa moteltzeko lanak egingo dituztela ere, “herritarren beharrei erantzuna emateko”.