Ezetz Jakin lehiaketa martxan dago, eta Macri Garcia eta Asier Laskurain izan dira lehen sarituak
Ohiko formatuan egin dute abenduko lehiaketa, eta 84 pertsonak parte hartu dute bertan; horietatik 18 izan dira galdera guztiak zuzen erantzun dituztenak. Denak ondo erantzun dituztenen artean, Garciak eraman du 80 euroko bono saria.
Euskararen erabilera bultzatu eta indartu gura duen Berbalagun egitasmoa martxan dago, eta, beste urte batez, Ezetz Jakin lehiaketa antolatu dute. Abenduan abiatu zuten denboraldiko lehen lehiaketa, eta Macri Garcia eta Asier Laskurain izan dira abenduko sarituak.
Ohiko formatuan –paperean– egin dute abenduko lehiaketa, eta 84 pertsonak parte hartu dute bertan; horietatik 18 izan dira galdera guztiak zuzen erantzun dituztenak. Hala, denak ondo erantzun dituztenen artean, Garciak eraman du 80 euroko bono saria, eta hori herriko establezimenduetan erabili ahalko du. Parte hartzaile guztien artean egiten den zozketako sariduna, berriz, Laskurain izan da, eta 20 euroko bono saria eta Praktikatu zerbitzuaren materiala jaso ditu.
Dagoeneko martxan dago urtarrileko lehiaketa, eta azken hilabeteetako ekimenei buruzko galderei erantzun beharko diete parte hartzaileek.
Beti bezala, liburutegian, tabernetan, EPAn, AEKn, udal euskaltegian… aurki daiteke lehiaketan parte hartzeko bete beharreko eskuorria. Behin hori eginda, kultur etxean dagoen Berbalagunen buzoian sartu beharko da.
Euskararen erabilera bultzatu eta indartu gura du Gernika-Lumoko Berbalagunek. Euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak harremanetan jartzeko asmoz, euskara praktikatzeko hainbat aukera eskaintzen ditu egitasmoak; besteren artean, berba egiteko taldeak, mendi irteerak edota hitzaldiak.