Mailako aurkaria, mailako txapelketarako
Spar Gironaren kontra jokatu beharko du Lointek Gernika Bizkaiak, martxoaren 31n, Erregina Kopako final-laurdeneko partidua. Kanporaketa partidu bakarrekoa izango da, eta Anna Montañanaren lantaldeak, beraz, aukera bakarra edukiko du lehiaketa aurrera egiteko.
Enea Gorzow talde poloniarraren aurka EuroCup Women txapelketako itzuliko kanporaketa 68-57ko markagailuagaz galdu ondoren, Lointek Gernika Bizkaia saskibaloi taldea denboraldi beste bi helburu nagusiei begira dago honezkero: Emakumezkoen Endesa Liga eta Erregina Kopa. Hain zuzen ere, gaur jakin dute Malostekoek zein izango den azken lehiaketa horretan aurkari edukiko duten taldea, eguerdian egindako zozketan. Anna Montañana valentziarraren jokalariek Spar Girona talde kataluniarraren kontra neurtu beharko dituzte indarrak final-laurdenetan.
Lointekekoek sobera ezagutzen duten arerioa da Spar Girona, ligako ohiko taldeetako bat baita. Ohituraz sailkapeneko goiko postuetan egon izan den talde izaki, Gernikak partidu gogorra topatuko du final-laurdenetako zitan. Norgehiagoka hori, hain zuzen, martxoaren 31n jokatuko dute, 18:00etatik aurrera, Zaragozako Principe Felipe Pabiloian. Kanporaketa, gainera, partidu bakarrekoa izango da eta, horrenbestez, gernika-lumotarrek zirt edo zart egin beharko dute, Erregina Kopan aurrera egin ahal izateko.
Irabaziz gero, Barça CBS edota Perfumerias Avenida lirateke Malosteko taldearen hurrengo aurkaria, finalerdietan. Beste bi final-laurdenekoak, ostera, ondorengo taldeen artean jokatuko dituzte: Valencia Basket eta Movistar Estudiantes, batetik; etxeko taldea, Casademont Zaragoza, eta Kutxabank Araski, bestetik. Norgehiagoka denak Zaragozan egingo dituzte, finalerdiez eta final handiaz gain.
Lointekeko entrenatzaile laguntzaileak, Iñigo Nuñezek, zita horren “zailtasuna” azpimarratu du. Izan ere, Spar Girona Superkopako garailea eta Emakumeen Endesa Ligako egungo liderra da. “Kopako talderik fisikoena da: min egin dezaketen jokalari ugari dituzte, besteak beste, Irati Etxarri edota Maria Araujo. Egungo defentsarik sendoena dute, baina partidu hori oraindik urrun samar dago, eta gauzak asko alda daitezke”, azaldu du.