Hil ala biziko partiduen sasoia hasiko dute basurdeek domekan
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak Pozuelo talde madrildarraren kontra jokatuko du domekan, 12:00etan, Ohorezko Ligako bederatzigarren jardunaldiko partidua. Biziraupenari begira zuzeneko aurkaria da basurdeentzat. Urteko lehen partiduak hasiera emango dio taldearentzat oso garrantzitsuak izango diren partiduen segidari.
Gabonetako etenaldiaren ondoren, Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak konpetizioari berrekingo dio datorren asteburuan, eta Ohorezko Mailako bederatzigarren jardunaldiko partidua jokatuko dute Pozuelo talde madrildarraren kontra. Basurdeek etxetik kanpora jokatuko dute urteko lehendabiziko partidua, domekan, 12:00etan hasita. Pozuelo Ohorezko Mailari eusteko zuzeneko aurkaria dute. Madrilgoak aurtengo denboraldian igo dira lehen mailara, baina sobera frogatu dute goi-maila erakusteko gai direla, batez ere, beraien zelaigunean jokatzen dutenean.
Gernika RTren helburua garaipenagaz bueltatzea izango dela aurreratu du taldeko entrenatzaileak, Eduardo Maidagan gernika-lumotarrak: “Mailako biziraupenari begira, oso garrantzitsua da Pozueloren aurkakotik garaipenagaz edo, behintzat, puntuekin bueltatzea; lehiaketari motibazioagaz eusteko oso baliagarria izango litzaiguke garaile itzultzea. Izan ere, datozen jardunaldietako bakoitza guda bat izango da guretzat, eta alderdi psikologikoak, besteak beste, esangura handia edukiko du”.
Madrilen, belar artifizialdun zelai sintetikoan jokatu beharko dute, Urbietakoa baino txikixeagoa den eremuan. Teorian, etxekoei hobeto egokitzen zaie tankera horretako zelaia, are gehiago, etxean jokatuta: “Belar artifizialak partiduaren abiadura bizkortu egingo du, eta hori beraientzat oso positiboa izango da. Izan ere, gu Urbietako belar naturalaren gainean jokatzera gaude ohituta, erritmo mantsoagoagaz eta intentsitate zein fisikotasun handiekin; dena dela, ez gara aitzakia horrekin joango, Ohorezko Mailan dabilen edozein taldek denetariko guneetan jokatzen jakin behar baitute”.
Etxean jokatzeak beregain ekarri ohi duen “abantailatxoa” gorabehera, Maidaganek adierazi du Pozuelo eta Gernika RT “pareko taldeak” direla. “Biok ala biok maila handian jokatzen dugu erasoaldietan, eta ahal bezain sendoen agertzen saiatzen gara defentsa beharretan; zentzu horretan beraien eta geure arteko antzekotasunak ikusten ditut, plantetatu dezaketen taktikari dagokionez”, argitu du.
Lantaldearen sakontasunari buruz galdetuta, Gernika-Lumokoak azaldu du zenbait jokalari epe luzeko lesioekin daudela eta beste zenbait, ostera, berreskuratzeko bidean dabiltzala oraindik. Horrek “zelanbaiteko mugak”ezarriko dizkie domekako partidura begira, hala nola, Pozuelok eraiki duen lantalde “lehiakor eta borrokalariagaz alderatuta”. Horren aurrean, jarraitu beharreko jokoa zein izango den zehaztu du: “Eskuragarri ditugun jokalariekin, partiduaren erantzukizuna hartu beharko dugu, jokaldien kontrola edukitzen saiatu beharko gara; horrez gain, garrantzitsua izango da faltarik ez egitea, horrelako aukerak alferrik galtzenez dituen taldea baita Pozuelo”.
Zuzeneko aurkarien kontra.
Pozueloren aurkako partiduaren ondoren, Gernika RTk Urbietan jokatuko ditu Ohorezko Mailako hurrengo partidu biak. Lehenengoan ligako lidertzan dagoen taldearen aurka neurtu beharko dituzte indarrak: VRAC Quesos Entrepinares. “Egungo liderrak izan arren, ikusi beharko da asteon Real Ciencias Enersideren aurka zer egingo duten; gainera, Gernika RT beti da talde sendoa etxean, edonoren kontra jokatuta ere”, adierazi du. Hilaren 29an, ostera, La Vila hartuko dute basurdeek. Basurdeen helburu berbera dute: biziraupena. “Beraz, hil ala biziko hiru partidu horietako hirugarrenean ere garaipena lortzeko asmoz atera beharko gara, jardunaldiak aurrera doaz eta”.