Europako ametsa, errotik ebakita
Lointek Gernika Bizkaiak 68-57 galdu du Enea Gorzow taldearen aurka, EuroCup Women txapelketan. Porrot horregaz, gernika-lumotarrak lehiaketatik kanporatuta geratu dira.
Akabo Europako ametsa. Lointek Gernika Bizkaia Malosten puntu bateko aldeagaz lorturiko garaipenagaz iritsi zen atzoko EuroCup Womeneko kanporaketara, Enea Gorzow talde poloniarraren aurka. Lehiaketan aurrera egiteko, ez zeukaten ogibide errazik: garaipena lortu ezean, agur esango zioketen txapelketari. Eta halaxe izan zen: 79-78 galdu zuten.
Kanporaketa modu oso irekian abiatu zen, bi taldeak lehiakor agertu baitziren. Anna Montañana entrenatzaile valentziarrak, arinagoko norgehiagoketetan bezalaxe, Gabija Meskonyteren karta jokatu gura izan zuen hasiera-hasieratik, eta estreinako boskotean sartu zuen. Lituaniarrak, beste behin, maila handian erantzun zuen, ahal izan zuen bitartean. Izan ere, partiduko seigarren minutuan min hartu zuen, eta aulkira erretiratu behar izan zen; hori bai, tartean bost puntu egin zituen Meskonytek. Lointekentzat galera adierazgarria izan zen, eta dinamikak moldatzera behartu zien.
Oztopoak oztopo, Gernikak asmatu zuen markagailuan lehendabiziko aldeak egiten. 5-11koagaz, etxeko taldekoek lehenengo hutsartea eskatu zuten, eta baita asmatu ere: Zoe Wadouxek Enea Gorzow atzera partiduan sartu zuen, hiruko jaurtiketa bat saskiratuz. Puntuz puntu, kanporaketan aurrea hartu zuten etxekoek, eta 17-15eko markagailuagaz amaitu zen lehen laurdena. Guztia erabakitzeko zegoen.
Montañanak lesionatutako zenbait jokalarigaz ekin zion norgehiagokari, Meskonyteren hastapeneko min hartzea kenduta; hori gutxi ez, eta bigarren laurdenean Andrijana Cvitckovicek falta pertsonal goiztiar bi egin zituen aldi horretako lehenengo hiru minutuetan, eta jokotik kanpo geratu zen. Une hartan, gernika-lumotarren aurkaririk azpimarragarrienetako bat, Allana Smith, agertu zen. Kanporaketaren joanekoan, Malosten, Enea Gorzowen alde punturik gehienak Smithek poltsikoratu zituen, eta etxeko ikusleen aurrean ere ez zuen kale egin.
Martxa bat gehiago.
Bere gorputzaldia eta jokoa baliatuz, erreboteetan min handia egin zuen, goi-mailako jaurtiketak egiteaz gain. Lointekek, ostera, ez zuen eroso jokatzerik izan bigarren laurdenean zehar; horrez gain, asko eta asko izan ziren egin zituzten baloi galerak, zehatz-mehatz, hogeita sei. Galera horiek isla nabarmena eduki zuten beraien jokoaren mugikortasun faltan, eta etxekoek gabezia hori aprobetxatu zuten. Bestalde, joanekoan distantzia luzeko jaurtiketetan eraginkortasun handia erakutsi zuten, baina itzulikoan, aldiz, ez. Horregaz guztiagaz, Enea Gorzowk markagailuko arrakala mardultzeari ekin zion, hala nola, Wiktoria Kellerrek saskira bidalitako bi jaurtiketa libreen ondoren: 34-26.
Aldageletatik itzultzerakoan, kanporaketako une garrantzitsuenetako bat iritsi zen: Lointekek partiduari eusteko moduko planteamendu aldaketa egin zuen ikusteko sasoia zen. Ez zen halakorik gertatu, eta Enea Gorzowren jokoak nagusi izaten jarraitu zuen. Wadouxek erakustaldi paregabea ematen jarraitu zuen, Malosten baino askoz aktiboago agertuz; aldea hamahiru punturaino eroan zuen, bere hirukoekin. 39-26koagaz, Tilbe Senyurek izan zen jaurtiketa libreak saskira bidali zituena. Lointek putzuan sartuta zegoen, une benetan gaitzak bizitzen. Nolanahi ere, Montañanaren jokalariek ez zioten utzi arerioari haginak erakusteari, eta erresilientziaz eutsi zioten hamar puntuko aldeak suposatu ohi duen muga psikologikoari. 52-41eko markagailuagaz ipini zuten abian laugarren laurdena: kanporaketa gainditzea oraindik eskura zeukaten, baina partiduan martxa bizkorrago bat sartu behar zuten.
Nahi eta ezin.
Azkenengo minutuetan, Gernikak nortasuna arma bihurtu zuen eta, bizirauteko sena baliatuta, kanporaketa bereganatzeko aukerei eutsi gura izan zion. Protagonista nagusia Itziar Ariztimuño bilbotarra izan zen: markagailuan aldeak apaldu zituen, eta zalantzaz bete zuen etxeko taldea. Jarraian, Sofia Da Silvak partidua esku-eskura utzi zion Montañanaren taldeari, bere saskiratzeagaz 53-50ekoa ezarriz. Hori bai, Wadouxek ametsa errotik moztu zuen, hiruko jaurtiketa bat saskiratuz. Ondoren, Chantel Horvatek 60-50eraino hauspotu zuen Enea Gorzow.
Kolpe latz hura jaso ondoren, Montañanak partidua iraultzeko azken hutsartea eskatu zuen, fruitu barik. Azken txanpan, etxekoek beren aldea kudeatu besterik ez zuten egin behar izan. 68-57ko markagailuagaz, Enea Gorzow igaroko da EuroCup Womeneko hurrengo fasera. Lointek Gernika Bizkaia, berriz, txapelketatik kanporatuta geratu da. Malosteko taldearen jomugak, behin Europako abentura amaituta, Emakumezkoen Endesa Liga eta Erregina Kopa izango dira.