Iñaki Osa Goikoetxeak eta Nicolas Etxetok 2-1 irabazi dute Johan Sorozabalen eta Julen Del Rioren kontra, Jai Alai Winter Series txapelketan. Garaipenari esker, irabazleek bizirik diraute lehiaketan; Sorozabal eta Del Rio, partidu bikaina egin arren, kanporatuta geratu dira. Hurrengo astean Aritz Erkiagak eta Jon Zabalak Jean Dominique Olharanen eta Thibault Basqueren aurka neurtuko dituzte indarrak.
Garaipena ez, baina bai loria. Johan Sorozabal miarriztarrak eta Julen Del Rio gasteiztarrak agur esan behar izan zioten atzo Jai Alai Winter Series zesta-punta txapelketari, Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarraren eta Nicolas Etxeto bidartarraren aurka galdu ondoren. Gernika-Lumoko Jai Alai katedrala, beste astelehen buruzuri batez, ikuslez lepo agertu zen, 1.650 lagun bildu baitziren bertan, partidu benetan garrantzitsua ikusteko: lehiaketan bizirautea zegoen jokoan. Gazteek ez zuten beren larrua merke saldu, eta beteranoek gogor borrokatu behar izan zuten, garaipena eskuratzeko. Porrota porrot, Sorozabalek eta Del Riok beren zigilua utzi dute txapelketan, eta aintzat hartzeko moduko puntistak direla egiaztatu zuten, datozen lehiaketei begira.
Argazkia: Andoni Iparragirre/Guk Jai Alai.
Goikok eta Etxetok, bikote ugarik adierazi legez, “isilpeko hautagaiak” direla frogatu zuten ligaxkako estreinako norgehiagokan, lehen garaipena nagusitasunez poltsikoratuz; orduz geroztik, baina, hilabete bi igaro dira, eta beren mailak behera egin du nabarmen. Beherakada hori ondo ezkutatu zuten atzo, lehen tantoak bizkor samar bereganatu baitzituzten. Sorozabalek eta Del Riok, ostera, pazientziagaz eta segurtasunez jokatu zuten; horrek markagailua berdintzera eta aurrea hartzera eroan zituen gazteak. Del Riok ezin izan zituen, orain arte modura, bere eskumakadak ganoraz zukutu; era berean, Goikoetxeak ez zuen asmatu aurrealdean. Horrek tantoak atzealdeko koadroetan amaitzera derrigortu zuen Zumaiakoa: hamar jokaldi burutu zituen horrelaxe; horietako zazpi txik-txakez.
Del Riok ezin izan zituen eskumakadak zukutu; Goikoetxeak ez zuen asmatu, beste hainbestetan legez, aurrealdea
Sorozabalek, mailako aurrelariagaz parez pare, egundoko fidagarritasuna erakutsi zuen, eta asmatu zuen alboz, dejadaz edota errebotera jokatzen. Lehen seta, zerbait izatekotan, berdindua izan zen: 14-14ko markagailuagaz, beteranoek jakin zuten azken tantoa borobiltzen. Azken tanto hura, hain zuzen ere, luzea eta landua izan zen bikote mbien aldetik. Etxetok defentsa behar bikaina egin zuen, pilotakada oso gaitzak eroanez. Goikok bikain amaitu zuen tantoa; 15-14koa eta 1-0 faboritoentzat. Lehen setaren porrotagaz, gazteei izugarri zaildu zitzaien lehiaketan aurrera egitea: 2-1 irabazi beharraz gain, gutxienez hamar tantoko aldea eskuratu beharra zuten; ogibide nekeza, Goikoetxea eta Etxeto bezalako arerioen aurrean.
Argazkia: Andoni Iparragirre/Guk Jai Alai.
Hori bai, bigarren setaren hasieran gauzak zertxobait argitu zitzaizkien, Etxetok hainbat arazo eduki baitzituen bere zestagaz. Hain zuzen, geldialdi bat eskatu, eta zestaz aldatu behar izan zuen bidartar atzelariak. Sorozabalek eta Del Riok sei puntuko arrakala lortu zuten markagailuan, baina ezin izan zuten beren aldea gehiago marduldu. Goikok eta Etxetok zenbait akats egin zituzten, eta gazteek ezustekoa eman zuten bigarren setean: 12-15 gailendu ziren. Partidua, horrenbestez, berdinketa haustean erabakiko zen.
Argazkia: Andoni Iparragirre/Guk Jai Alai.
Hirugarren setean, Etxetok bere zesta berreskuratu zuen, konponduta. Bikote gorriak, beteranoek, pauso sendoz abiatu zuten azken txanpa hura: 3-0 aurreratu ziren. Aurkariek, beren aldetik, aldeak murriztea lortu zuten, 3-1ekoagaz. Azkenengo jokaldian, gorrien pilotakada batek zabalera egin zuen, eta Del Riok ezin izan zuen harrapatu, baina, gasteiztarraren eta ikusle denen harridurarako, pilotak errebotera jo zuen, eta Sorozabalek ondo heldu zion; dena dela, epaileek jokaldia txartzat jo zuten. Hortaz, emozioz josiriko partidua aho zapore arraroagaz amaitu zen.
Etxetok arazoak eduki zituen zestagaz, eta aldatu ere egin behar izan zuen
Jai Alai Winter Serieseko hurrengo partidua ere, atzokoa bezalaxe, hil ala bizikoa izango da. Lehiaketako tituluaren zaindariak, Aritz Erkiaga ispastertarra eta Jon Bullet Zabala markina-xemeindarra jadanik hurrengo jaserako sailkaturik dauden Jean Dominique Olharan beterano paubetarraren eta Thibault Basque bidartar gaztearen kontra neurtuko dira. Erkiagak eta Zabalak egibehar zaila edukiko dute, Xabier Barandika eta Unai Lekerika gernika-lumotarren emaitzaren pentsuan baitaude. Datorren astelehenerako sarrera ia denak salduta daude jadanik, beraz, frontoia ikuslez gainezka eta egundoko giroagaz egotea aurreikusten da.
Bestalde, aste bi barru, Jon Tamborindegik txapelketan debuta egingo du, David Minviellegaz batera; Tambo min hartuta egon da beren lehen bi jardunaldietan, eta Urko Lekerika gernika-lumotar gazteak ordezkatu du. Ligaxkako hirugarren partidua atzo garaipena lortu zuen bikotearen kontra jokatu beharko dute: Goikoetxea eta Etxeto.