Sei musika taldek kultur etxearen dirulaguntza jaso dute
5.000 euroko laguntza sei talderen artean banatu dute: Tooth, The Riff Truckers, Blaster, Inner, Ziraun eta Agur taldeen artean.
Tooth, The Riff Truckers, Blaster, Inner, Ziraun eta Agur musika taldeek jaso dute Gernika-Lumoko Kultur Etxearen diru laguntza. Musika egitasmoak jorratzeko helburuz, musika taldeei zuzendutako 5.000 euroko laguntza sei talderen artean banatu dute.
“Kultur Etxeak musika lanak jorratu eta taldeen lanaren hedapenean laguntzea du helburu diru laguntzarekin”, azaldu dute. “Gernika-Lumoko Kultur Etxea herri erakundeak eta Segundo Olaeta Musika Eskolak bereziki, konpromiso irmoa daukate herritarren heziketa musikalari ekiteko eta udalerriko musika talde zein elkarteak sustatzeko”, jakinarazi dute ordezkariek. Izan ere, kultur etxean egiten diren jarduerez gain, kanpoko dinamikak aberastu gura dituzte, “berdintasunean oinarritutako zerbitzuak eta jarduerak xede izanda”.
Dirua jaso dutenek konpromisoa hartu dute 2023an kultur etxeak antolatzen duen kontzertu batean parte hartzeko, “ezarritako baldintzetan”.