Ia egin dituzte aurtengo lan erdiak Gernikako Marijesiek
Gernikako Marijesiek aurtengo lehenengo lau errondak egin dituzte jadanik. Gaurtik bihar bitarteko goizaldean, doinu aldaketa egingo dute, eta Errenteriara joango dira abestera.
Gernikako Marijesiek hasi dituzte aurtengo errondak. Bederatzi gautan Gernika-Lumoko kaleak Gabon kantuekin epeltzeko asmoagaz, jadanik egin dituzte lehendabiziko lau errondak. Hilaren 16an hasi ziren abesten, urteroko ohiturari jarraituz, Andra Mari elizako atzealdeko atean belaunikoturik. Denis Azkarate Eizagirre eta Fernando Astoreka Aranburu izan ziren bakarlari beharrak egin zituztenak, lehen errondan. Bigarren eta hirugarren errondetan, ostera, Azkaratek eta Iñaki Gonzalez Abadiak gidatu zuten gaueko abeslari tropela.
Domekatik astelehenera bitarteko goizaldean laugarren errondaren txanda izan da. Tiloetara egin dute marijesiek, Jose Antonio Uriarte “Itxaso” eta Alex Uriarte Atxikallende bakarlari direla. Laugarren erronda horren ondoren, marijesiek doinu aldaketa egingo dute, datozen bost errondetarako: Maria Jose doinutik Jesukristo doinura igaroko dira. Bosgarren goizaldean, Errenteriara egingo dute abeslariek. Ane Miren Arejita Abaitua eta Azkaratek edukiko dute bakarlari aritzeko ardura.
Ondorengo ibilbidea egingo dute gaur goizaldean:
Andra Maria eleiza – Allendesalazar – Santa Klara – Karmelo Etxegarai – Enrique Amurrio – Frai Martin Murua – Mestikabaso – Esteban Zabala – Agirregana auzoa – Juan Calzada – Gurutze Gorria – Juan Calzada – Alondegia – Industria – Picasso – Merkurioa – Artekalea – San Juan – Barrenkalea – Andra Maria – Domingo Alegria plaza – San Roke – Don Tello – San Juan – San Bartolome – Aita Luis Villasante – Lorategieta – Kortezubi bidea – Aita Luis Villasante – San Bartolome – Urrengoerrota – Zubialde – Uharte – San Juan – Don Tello – Portu – San Juan ibarra – Nere kabia – J. Labauria plaza – Carlos Gangoiti – Txorraburu – Iñigo Lopez de Haro – Azokakalea – Adolfo Urioste (Andra Maria eleiza).