Sufrituta, baina hurrengo fasera
Lointek Gernika Bizkaiak 63-51 galdu du, Movistar Estudiantesen kontra, EuroCup Womeneko seigarren jardunaldiko partidua. Dena dela, H multzoko bigarren postuan igaroko da hurrengo fasera. Malostekoek beren hurrengo aurkaria gaur ezagutuko dute, 32 taldeko rankinga ezartzean.
Lointek Gernika Bizkaiak 63-51ko markagailuagaz galdu zuen atzo, Magariños kantxan, Movistar Estudiantes talde madrildarraren kontrako partidua. Bi taldeek asko zeukaten jokoan EuroCup Women txapelketako seigarren jardunaldiko partiduan: Hurrengo fasera H multzoko bigarren postuan igarotzea. Lointekek Malosteko joaneko partiduan poltsikoraturiko 12 puntuko aldea bere mesedetan zuen, baina lehen minututik gauzak izugarri zaildu zizkion talde sendoa eta lehiakorra aurkitu zuen aurrez aurre.
Itziar Ariztimuño izan zen, hain zuzen ere, lehendabiziko minutuetako protagonista nagusia; bisitarien lehenengo lau puntuak berak lortu zituen, partiduari erritmo handia emanez. Beste alderdian, baina, Andrijnana Cvitkovicen eta Brooque Williamsen falta goiztiarrak nabarmendu ziren; Anna Montañanak estatubatuarra aulkira bidali zuen, baina kroaziarra kantxan mantendu zuen. Erabaki zuzena izan zen: Cvitcovicek saskiraturiko hiruko jaurtiketa bategaz erantzun zuen. Hura eta Rosó Buch kataluniarra izan ziren, Lointeken aldetik, jokaldiak antolatzeko ardura hartu zutenak. Madrildarrek, beren aldetik, estrategia argi eta garbia erakutsi zuten: baloiak Maria Eraunzetamurgil eta Nadia Fingalli bideratzea. Jokalari bi horien ekarpenetan oinarritu zuten beren jokoa. Markagailuaren berdintasuna izan zen lehen laurdeneko gidalerro nagusia: 15-17 amaitu zuten, Gernikaren alde.
Bigarren laurdenean, Cvitkovicen bigarren faltak eta Julie Wojtaren hutsuneak minutuak eman zizkion talde gernika-lumotarraren azken fitxaketari: Patricia Burari. Ausardia eta konfiantza handiagoagaz aritu zen Bura, bere taldekideekin hobeto ulertuz. Madrilgoek, ostera, lehen laurdenean bezalaxe, ez zuten asmatu hirukoekin. Oro har, partiduaren lehen hamalau minutuetan hiruko jaurtiketa bik baino ez zuten sarea ikusi. Estudiantesek 25-19ko errentatxoa lortu zuen eta Gernika-Lumokoak, berriz, ez ziren bizkor ibili erasoaldietan. Blokeo hori konpontze aldera, Montañanak Williams atzera sartu zuen jokoaren ekuazioan, baina amerikarrak ere ez zuen egunik onena eduki; ondorioz, Lointeken puntuaketa jaurtiketa libreetan oinarritu zen gehienbat. Defentsa lanak, baina, goi-mailakoak izan ziren, eta horrek madrildarren erasoaldiak apaldu zituen. 29-26ko markagailuagaz joan ziren aldageletara.
Tentsioa nabari. Atsedenalditik itzultzean, Estudiantek Eraunzetamurgil eta Fingall bilatu guran jarraitu zuen. Beraiei esker joan ziren 35-26raino. Orduantxe agertu zen Laura Spreafico, Gernika-Lumokoei arnasa emanez. Geroz eta hurrago zegoen Lointekek joanekoan, Malosten, eskuraturiko 12 puntuko aldea, eta estutu beharra zeukaten; Fingallen hiruko batek muga hori zeharkatu zuen, 43-29koagaz. Momentu gaitz haietan Ariztimuño izan zen aurpegia eman zuen lehena: Cvitcovicen hirukoan asistentzia lana egin zuen, eta 47-39ra hurreratu zituen bisitariak. Hirugarren laurdenaren amaieran, Montañanaren jokalariei erritmoa falta zitzaien markagailuan distantziak apaltzeko.
Azken laurdena talde bien arteko kolpe trukaketa izan zen. Estudiantesen erasoaldiei hiruko saskiratze bategaz erantzun zien Spreaficok, 50-44koa ezarriz. Partiduko garaipena, batetik, eta bi taldeen arteko puntu average-a, bestetik, jokoan zeuden. Fingallen errebote batek are gehiago estutu zuen egoera. 63-51ko garaipena eskuratu zuen, azkenean, etxeko taldeak. Dena dela, Lointek sailkatu da H multzoko bigarren postuan. Izan ere, Malosteko norgehiagokan 66 puntu lortu zituzten Montañanarenek, eta Estudiantesek, atzo, 63. Gaur bertan egingo dute EuroCup Womeneko hurrengo fasera sailkatu diren 32 taldeen rankinga, eta, ondorioz, gaur jakingo dute gernika-lumotarrek beren hurrengo aurkaria nor izango den.