Kenyako Mbogolo herrian eskola bat eraikitzen laguntzeko Bat Ez da Gitxi
Bat Ez da Gitxi plataformak Harriz Herri kolektiboari laguntzeko dirua batuko du zapaturako antolatu duen musika jaialdian. Eskola bat eraikitzen ari den kolektiboa da Harriz Herri, eta proiektu horri ekarpena egin gura diote plataformako kideek.
Harriz Herri kolektiboari laguntzeko dirua batuko du aurten Bat Ez da Gitxik. Kenyako Mbogoloko herrian eskola bat eraikitzen ari den kolektiboa da Harriz Herri, eta proiektu horri ekarpena egin gura diote plataformako kideek; iaz Aita Mari ontziari laguntzeko 3.100 euro bildu zituzten. Horregatik, musika jaialdia antolatu dute oraingoan ere, eta zapatuan (abenduak 17) jarri dute hitzordua Astran.
“Bildutako diru guztia, bere osotasunean, Kenyara eroango da, eta bertako Mbogoloko herrian eskola baten proiektua garatzera bideratuko da, zuzen zuzenean”, azaldu dute jaialdiaren antolatzaileek. Hori dela eta, herritarrei ekarpenak egiteko edota jaialdira joateko deia egin diete; 10 euroko kostua du sarrera bakoitzak, eta sarreretatik lortutako guztia proiektuari laguntzeko izango da.
Zehaztu dutenez, jaialdira joan ezin duenak ere ekarpenak egiteko aukera izango du, hurrengo kontu korrontera dirua bidalita: ES76 3035 0133 1213 3002 6519. “Beste batzuei laguntzeko gai gara. Ekarpen txiki batek milaka bizitza alda ditzake”, azaldu dute.
Hain zuzen ere, 20:30ean hasiko da jaialdia Astran, eta El_Txef_A, &der, Unzu eta Gorkita arduratuko dira jaialdiari festa giroa emateaz. Musikarien esker ona adierazi dute antolatzaileek, dohainik eskainiko dituztelako kontzertuak, trukean ezer jaso barik. “Euren ekarpena sekulakoa da”, diote.
Urte luzez antolatutako jaialdiaren helburua beti izan da laguntzea, eta aurten ere, helburu nagusi horri eutsiko diote. Hain zuzen ere, duela bederatzi urte inguru hasi ziren musika jaialdia antolatzen, “gehien behar dutenei laguntzeko asmoz”, eta ez dute etenik izan. Gutxi eginda ere, asko eman daitekeela erakutsi dute antolatzaileek: “Lehenengo jaialdian Angolako monjei bidali genien dirua. Kristoren laguntza eman geniela esan ziguten, eta asko eskertu zuten guk egindakoa. Ordutik, urtero antolatu dugu zerbait”.