Asier Larrauri Unanue da EH Bilduren alkategaia Bermeon
Hautagaiak "ilusioz" hartu du izendapena. Larraurik aurreratu du erronka handia dutela aurretik, eta, "konpromisoz, lanagaz, herritarrekin batera eta erantzukizunetik" egingo dutela lan.
Asier Larrauri Unanue da EH Bilduk Bermeoko alkatetzarako aurkeztuko duen hautagaia. Mahai politikoak proposatu ostean, Bermeoko EH Bilduko kideek bozketa egin zuten, hautagaitza ontzat emanez. Mahai politikoaren hitzetan, “egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko, eta Bermeorako proiektu indartsu bat eraikitzeko hautagai ezin hobea da”.
Larraurik “ilusioz” hartu du izendapena eta eskerrak eman nahi izan dizkio EH Bilduko oinarriari beregan jarritako konfiantzagaitik eta hautagaitza babesteagaitik. “Arduraz, gogoz eta indarrez, Bermeok behar duen aldaketa bermeotarron eskutik emateko prest nago”, adierazi du hautagaiak.
Alkategaiak aureratu du erronka handia daukatela aurretik, eta, “konpromisoz, lanagaz, herritarrekin batera eta erantzukizunetik” egingo dutela lan. Bermeoko EH Bilduren ustez, Bermeok aldatu beharreko gauzak ditu, eta uste dute herri “justuagoa, inklusiboagoa, jasangarriagoa, feministagoa, euskaldunagoa eta erabakietan parte hartzaileagoa” den Bermeo baten alde lan egiteko momentua dela.
Asier ezagutuz.
Larraurik 32 urte ditu eta Euskal Herriko Unibertsitatean Ekonomia ikasketak egin eta giza baliabideetan lan eginikoa da. Gaztetatik parte hartu du herriko politikagintzan, “herriko erronketan inplikatzea gustuko dudalako, herritarrak erdigunean jarriz”. 2019tik EH Bilduko zinegotzia da eta Bermeoko Udaleko ekonomia, langileria eta negoziazio mahaietako batzordeetako kidea da.