Urduritasunaren ordaina
Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarrak ezin izan dio aurre egin Amaia Aldai dimoztarraren nagusitasunari, eta 22-15eko markagailuagaz galdu du Lau Eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketako finala. Sentitutako urduritasuna, partiduaren gogortasuna eta ikusleek erakutsitako babesa nabarmendu ditu Arrizabalagak. Urtarrileko Bizkaia Torneoa izango da bere hurrengo helburu handia.
Argazkia: Emakume Master Cup. Olatz Arrizabalagak 22-15 galdu zuen, zapatuan, Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketako finala, Amaia Aldai dimoztarraren kontra. Lau eta erdikoa da Arrizabalagari falta zaion pilota mistoko bakarkako txapelketa bakarra, eta, horrenbestez, urteko helburu nagusi legez planteatu zuen lehiaketa horretako finalera ailegatzea eta garaipena poltsikoratzea. Bidean, baina, Amaia Aldai izeneko aurkari sendoa topatu zuen. Gernika-Lumoko aurrelariak adierazi du “ez zuela egunik onena eduki”: “Hasiera-hasieratik argi eta garbi neukan final gogorra eta lehiatua izango zela, baina sentsazioak ez ziren egokienak izan, eta uneoro igarri nuen hori; maila horretako norgehiagoka batean, horrek aldea egin dezake, eta halaxe egin zuen”.

Argazkia: Emakume Master Cup.
Sakeek egundoko esangura eduki zuten finalean, eta alor horretan Aldai nagusitu zen. Dimakoak jokaldi gehientsuenak gidatu zituen, eta ez zion utzi Arrizabalagari bilatzen zuen jokoa egiten. “Aldaik asko gozatu zuen, eta ni presiopean ibili nintzen lehendabiziko tantoetatik, urduri samar; biok maila handian ibili ginen, baina zapore gazi-gozoa geratu zitzaidan”. Tantoz tanto, partidua gogortzen joan zela azaldu du Arrizabalagak; Aldairen sakeek eta erasoaldiek defentsa beharretara mugatzera derrigortu zuten. “Ezin izan nuen eraso handirik egin, Aldaik bizkarra hartu zidalako eta kantxaren erdigunea bere egin zuelako. Hortaz, zenbait jokalditan arriskatzea besterik ez zitzaidan geratu, eta jokaldi horietan zortea ez nuen lagun izan“, argitu du.
Zailtasunak zailtasun, gernika-lumotarrak ez zion aurpegia galdu neurketari, eta markagailuan Aldai estu hartzen jarraitu zuen; hain zuzen ere, tanto bat eta bi behetik ibili zen, baina dimoztarrak, azken txanpan, partiduaren maila koska bat igotzea lortu zuen, eta nagusi agertu zen. Azken urteotako lau eta erdiko finalik “distiratsuenetakoa” izan zela adierazi du Arrizabalagak: “Biok ala biok denboraldi oso txukuna egin dugu, eta finalean geure mailaren berri eman genuen. Beharbada, urduritasunak ez zigun utzi ahal genuen guztia egiten, baina, oro har, azken denboraldietako finalik politenetako bat oparitu genien ikusleei”.
Arrizabalaga: “Bi finalistok maila handian ibili ginen, baina niri zapore gazi-gozoa geratu zitzaidan”
Zornotzako Zelaieta pilotalekua, hain zuzen, ikuslez lepo agertu zen, lau eta erdiko finala ikusteko. Partidua hasi orduko, izan ere, behealdeko harmailak jadanik beteta zeuden, eta pilotalekuaren kanpoaldean, ostera, ilara luzea zegoen, sartzeko zain. Bi finalisten jarraitzaileak mugitu ziren bai Dimatik, bai Gernika-Lumotik. Giro ederra, beraz, ez zen falta izan: “Ikusleek uneoro beren berotasuna erakutsi ziguten bioi. Egia da akatsak egiten nituenean ez nintzela askorik konturatzen, baina aitortu behar dut bultzada handia eman zidatela, niretzat egokiegia ez zen frontoi batean”.

Argazkia: Emakume Master Cup.
Lanaren fruitua. Arrizabalagak adierazi du finalera heltzea eta partiduaren mailari eustea “denboraldi osoko lan gogorraren ordainsaria” dela: “Ordu pila bat sartu ditugu entrenatzen, gorputza nahiz burua jagoten, eta horrek isla izan du emaitzetan. Aldaik eta biok sekulako denboraldia egin dugu, eta, hori dela eta, ez naiz ezertaz damu. Irabazi ez arren, finalera heltzea zen lehen helburua, eta hori maila handian lortu dugu”. Datorrenari begira, hurrengo helburuei begira dago aurrelaria: “Porrota mentalki gaitza izan zen, baina esango nuke etorkizunean urduritasuna hobeto kudeatzen irakatsiko didala. Finalean galtzeak ez du kentzen aurtengo denboraldian erakusten ari naizen maila handia izatea, eta horrek lanean segitzeko motibazioa ematen dit”.
Lau eta erdikoa hurrengo denboraldiko “helmuga nagusienetako bat” izango da Arrizabalagarentzat. Arinago, 2023aren hasieran, Bizkaia Torneoa edukiko du jomuga. “Iaz garaipena lortu nuen torneo horretan, eta asko gustatu zitzaidan bertan jokatzea. Horregatik, aurten ere irabazteko asmoagaz planteatuko dut txapelketa hori, urtez urte pilotari guztien mailak gora egiteak zailago bihurtuko duen arren”.