Turismo Bulegoak kudeaketa aurreratuaren brontzezko domina jaso du
Gernika-Lumoko Udaleko Turismo Bulegoak Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Saria jaso du. Turismo arloan ezaugarri horiek dituen Bizkai, Araba eta Gipuzkoako lehen erakundea da.
Kudeaketa aurreratuaren brontzezko aintzatespena jaso du Gernika-Lumoko Turismo Bulegoak. Udalerrikoa da turismo arloan ezaugarri horiek dituen Bizkai, Araba eta Gipuzkoako lehenenego turismo bulegoa. Zehaztu dute kudeaketa arloan turismo bulegoak jaso dezaketen saririk “nagusiena” dela honakoa.
Turismo bulegoak Kudeaketa Aurreratuaren Eredua erabiltzen du bere kudeaketa sistema ebaluatzeko eta hobetzeko erreferentzia modura, eta sari hori jaso du Euskalit-eko ebaluazio klubeko kideek egindako kanpo ebaluazio bat jaso ondoren.
“Guretzako oso garrantzitsua da sari hau lortzea, ze gure helburu nagusia saritzen du: Gernikara-Lumora datozen bisitarien kopurua igotzea, eta horiek udalerrian egiten duten gastua handitzea. Baina ez edozelan, era jasangarrian baizik; gernikarren nortasuna galdu barik eta herritarren bizi kalitatean eragin txarrak eduki barik”, adierazi du Iñigo Magunagoikoetxea udaleko turismo zinegotziak.
Ebaluazio txostenak udalerriko Turismo Bulegoaren lana nabarmendu du; izan ere, “gardentasun ahalegin handia” egin du bere kudeaketa praktikak modu irekian eta ikasi eta hobetu nahi izateko jarrerarekin aurkezteko orduan. Gainera, turismo bulegoko lantaldearen “lan bikaina” azpimarratu du, “duela urte batzuk turismo kalitatearen abenturan murgildu zirelako eta apurka-apurka kudeaketaren hobekuntzan sakondu dutelako”.
Hala, aintzatespenaren helburua bikoitza dela jakinarazi du Magunagoikoetxeak: batetik, kudeaketan aurreratuen dauden erakundeak identifikatzea, beste batzuen pizgarri eta erreferentzia izan daitezen; eta, bestetik, publikoki aitortzea erakunde horiek egindako ahalegina eta lortu duten kudeaketaren aurrerapen maila.
Magunagoikoetxeak nabarmendu du sari hori jasotzeko egindako bidea “luzea” izan dela, hainbat urtetan turismo bulegoak aintzatespen desberdinak jaso baititu. 2005ean Turismoko Q ziurtagiria jaso zutenean abiatu zuten kudeaketa aurreratua hobetzeko bidea, eta, 2018an, Quality Innovatin Award-a jaso zuen bulegoak. 2014an, 2016an eta 2021ean, berriz, bikaintasunarekiko konpromisoarekiko diploma jaso zuela gogoratu du zinegotziak.
Bost ardatz.
Azken zortzi urteetan Gernika-Lumoko Udalak kudeaketa sistema hori ezartzearen aldeko “apustu sendoa” egin duela azpimarratu du Magunagoikoetxeak. “Kudeaketa aurreratuko sistema lan tresna bat da, erakunde guztientzat funtsezkoak diren bost esparrutan emaitzarik onenak lortzeko aukera ematen duena”, adierazi du Amaia Garcia Turismo Bulegoko arduradunak. Estrategia, pertsonak, aliatuak, gizartea eta berrkuntza dira nabarmendu dituzten esparruak.
Turismo Bulegoak ekainean aurkeztu zion udalerriko turismo sektoreari hurrengo lau urteetarako 2023-2026 Turismo Jasangarriaren Plan Estrategikoa, eta horren araberako planak zehazten ari direla adierazi du Garciak.
Bestalde, turismo bulegoak dituen 54 aliatuak azpimarratu ditu: museoak, Batzarretxea, Zesta Punta Eskola, Itsasmendi upategia, bisitak antolatzen dituzten enpresak, jatetxeak… “Horiek barik ezin da helmuga turistikoa antolatu. Eurei esker daukagu zer erakutsi”, adierazi du bulegoko arduradunak. Dioenez, gizarteak ere erantzukizuna du bisitariengan: “Herritarrak ere kontzienteak izan behar dira bizi diren leku bereziaz”.
Bulegoaren berrikuntza ere “oso garrantzitsua” dela dio, eta adierazi du 2004tik 30 proiektu berritzaile baino gehiago ezarri dituztela. “Bezeroekin zerikusia duten 15 proiektu, aliatu estrategikoekin lankidetzan garatutako 11 proiektu eta baliabide turistikoei balioa emateko 9 proiektu burutu ditugu”, jakinarazi du. Bisitariei bisitak antolatzeaz gain, eurengan bizipenak eragin gura dituztela esan du Garciak.
Gainera, lantaldearen lana balioan jarri gura izan dute, eta egindako lan guztia eskertu diete. Zerbitzu buru batek eta 5 edo 6 informatzailek osatzen dute lantaldea, eta 2004tik milioi bat pertsona baino gehiago jaso dituzte. “1984an jarri zuten martxan Gernikako Turismo Bulegoa, Bizkaiko lehenengoa, eta handik eta urte batzuetara, udalak hartu zuen bere gain. Ordutik, milioi eta erdi lagun igaro dira, baina lantalde hau dagoenetik, 2004tik, milioi bat”.