Saririk gabeko ekina basurdeentzat
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak 27-13 galdu du SilverStorm El Salvadorren kontra Ohorezko Mailako zazpigarren jardunaldiko partiduan. Hurrengo norgehiagoka zapatuan jokatuko dute, Ampo Ordiziaren aurka, Urbietan.
Argazkia: Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldea. Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak Ohorezko Mailako zazpigarren jardunaldiko partidua jokatu zuen zapatuan Valladolideko Pepe Rojo zelaigunean. Ligako talde sendoenetako bat eduki zuten aurrez aurre gernika-lumotarrek: SilverStorm El Salvador. Basurdeek ezer gutxi egin ahal izan zuten etxeko taldearen nagusitasunari aurpegia erakusteko, eta El Salvadorrek bere ikusleen aurrean garaipena poltsikoratu zuen, 27-13ko markagailuagaz.
Eduardo Maidagan Gernika RTko entrenatzaileak “taldeak erakutsitako nortasuna” nabarmendu du: “Markagailuak beharbada ez du islatuko, baina El Salvador une askotan egoera gaitzetan ipini genuen”. Dena dela, Gernika-Lumoko taldeak lehendabiziko zatian egin zituen akatsak etxekoek “gupida barik” aprobetxatu dituztela azaldu du: “Zenbait jokalditan hanka sartu genuen, eta beraiek ez zuten alferrik galdu markagailuan aurreratzeko aukera”. Lehen zatia 18-3 amaitu zuten.

Argazkia: Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldea.
Aldageletatik itzultzean, El Salvadorrek taktika oldarkorragaz jarraitu zuen, baina bisitariek “beren tokia” aurkitu zuten zelaian: “Hobeto moldatu ginen, baina kostatu zitzaigun jokaldiak zukutzea“. Valladolideko lantaldeak daukan “sakontasuna eta aukera aniztasuna” azpimarratu ditu Maidaganek: “Tankera askotako jokalariak dituzte, eta nagusi agertzen dira jokoaren alor denetan; horrexegatik dira ligako erreferentziazko taldeetako bat. Guk, geure aldetik, jokalari asko min hartuta ditugu, eta hori modu argian igarri genuen partiduan, aldaketetarako aukera mugatuak genituelako”.
Zita gogorra ortzimugan.
Markagailuan gorpuztu ez arren, Gernika RTk itxura txukuna erakutsi duen zapatuan. Hurrengo urratsa, hain zuzen, maila eta joko horiek emaitzetan islatzea izango da. Etxean jokatuko dute zapatuan, 16:30etik aurrera, Ampo Ordiziaren kontra. Euskal derbia izango da, eta Maidaganek adierazi du “zita oso gogorra” izatea aurreikusten dutela: “Gure azken aurkaria, El Salvador, garaitzeko gai izan ziren Ampo Ordiziakoak; argi dago talde sendoa dela”.
Basurdeek “guztiz beharrezko” dute Urbietan lehen garaipena lortzea, batez ere, Gabonetako geldialdia orduko: “Taldeak motibazioari euts diezaion, etxekoen aurrean gure maila erakutsi behar dugu, eta garaipena lortu. Urte berriagaz, Pozuelo eta La Vila aurkari zuzenen kontra jokatuko dugu, eta garrantzitsua litzateke partidu horietara garaipen bategaz heltzea”.