Marea Gorriak Bermeoko kaleak hartuko ditu domekan
Abenduaren 18an ospatuko dute San Silbestre lasterketa Bermeon. Dortsala Intersport dendan eros daiteke 3 euroren truke. Marea Gorriaren kamiseta Uhaina eta Aribike dendetan lortu daiteke 6 eurogatik.
Gabon jaietan ohikoa bihurtu den bezala, Eutsi Gogor Danok Batera elkarteak San Silbestre lasterketa antolatu du. Orain arteko hiru edizioak abenduaren 24 eta 31 bitartean antolatu badituzte ere, laugarren San Silbestre lasterketa abenduaren 18an ospatuko da. Lasterketan parte hartzeko dortsalak Intersport dendan daude salgai, hiru euroren truke.
Laugarren San Silbestre lasterketa ere elkartasun lasterketa izango da. Izan ere, antolakuntzak lortzen duen dirua gaixotasun arraroak dituzten umeen tratamenduak ordaintzera bideratuko dute. Tratamendu hauek Osakidetzak ordaintzen ez dituenak dira; hala nola, logopeda edo psikologo zerbitzua.
Abenduaren 18an, 12:15ean jarri dute hitzordua Lameran, eta ibilbide bi egongo dira; laburra, denek egiteko modukoa, eta luzea, lau kilometrotakoa. Laburra Lameratik irtengo da, eta Artza frontoia inguratu ostean berriz ere Lameran amaituko da. Luzearen kasuan, korrikalariek lau bira emango dizkiote kilometro bateko ibilbideari. Hauek ere Lameratik irtengo dira eta laburraren ibilbide berdina egin ostean, Taraskarako bidea hartuko dute. Lamera txikin buelta hartu eta Eskoikiz Kaletik Lamerara bueltatuko dira.
Antolatzaileek Julen Urdaibai korrikalari bermeotarrari oparitu diote lasterketako 001 dortsala. Urdaibai aukeratu dute “beti” egon delako Eutsi Gogor Danok Batera Elkartearen “ondoan”.
Marea Gorria.
San Silbestre lasterketaren esentzietako bat Marea Gorria izaten da, eta, ondorioz, korrikalari guztiak kamiseta gorriarekin parte hartzera animatu ditu antolakuntzak. Eutsi Gogor Danok Batera Elkarteak kamiseta propioak ditu, eta Uhaina eta Aribike dendetan lortu daiteke 6 euroren truke.