Garaipenen boladaren etena
Lointek Gernika Bizkaiak 83-73 galdu du Valencia Basketen kontra, Emakumezkoen Endesa Ligako 11. jardunaldian. Talde gernika-lumotarrak maila handian hasi du partidua, baina, azkenean, etxekoek beren legea ezarri dute, norgehiagoka poltsikoratuz.
Argazkia: Gernika KESB. La Fonteta Valencia Basketen gotorlekua da. Hori berretsi zuen zapatuan, Lointek Gernika Bizkaiaren aurkako partidua 83-73 irabaziz. Garaipen horregaz, eten egin zuten Lointekek Emakumezkoen Endesa Ligan jarraian lorturiko bost garaipenen bolada bikaina. Gernika-Lumoko taldekoak hasiera-hasieratik min egiteko asmoagaz kantxaratu ziren, etxekoen maila oso handia zen jakitun; valentziarrak 11-4 aurreratu ziren partiduaren lehen txanpan. Laura Spreaficok eta Sofia Da Silvak ederto erantzun zuten, eta lehendabiziko laurdena markagailu estuagaz amaitu zuten: 17-16.
Bigarren laurdenaren hasieragaz partiduko gailurretarako bat iritsi zen: Patricia Buraren debuta. Gernikaren azken fitxaketak bere lehenengo minutuak jokatu zituen lehiaketa ofizialean, barrualdeko jokoaz arduratuz. Ogibide horretan lagun izan zuen Andrijana Cvitkovic. Bere estreinako parte-hartzean, Burak bi puntu lortu zituen jaurtiketan libreetan. Bigarren laurdenean, erasoaldietako erritmoak eta puntu kopuruak behera egin zuten; lehenengo bost minutuetan, Valencia Basketek eta Lointekek, hurrenez hurren, bost eta lau puntu besterik ez zituzten eskuratu.
Brooque Williams estatubatuarra izan zen bisitarien erreferentziazko jokalaria erasoetan; Anna Montañana entrenatzaileak bertikaltasuna eta erasoaldietako erreboteak bilatu zituen Williamsegaz; Valencia Basketek, ostera, urruneko jaurtiketak baliatu zituen. Bide horretan, Lauren Cox nabarmendu zen, etxeko taldea 34-28 aurreratuz. Jokalari estatubatuarrak bere mugikortasuna probestu zuen, eta atsedenaldia orduko hamahiru puntu lortu zituen: 34-33.

Argazkia: Gernika KESB.
Aldageletatik itzultzean, Coxek bere sasoi onagaz jarraitu zuen, eta falta pertsonalak ere eragin zituen. Montañanak, ordea, Valencia Basketen faltengatik egin zuen protesta eta, ondorioz, falta teknikoagaz zigortu zuten. Jarraian, Leticia Romerok 49-42 hauspotu zituen etxekoak. Une hartan, Rosó Buch kataluniarra ekuazioan sartu zen, eta gernika-lumotarrak distantziak apaltzen hasi ziren apurka-apurka. Valentziakoek, baina, ez zizkieten gauzak erraz utzi, eta azken laurdena 56-48ko markagailuagaz abiatu zuten. Azken zati horretan, Lointekekoek ez zioten gogor saiatzeari utzi, baina valentziarrek beren akats bakoitza ziurtasunez aprobetxatu zuten, markagailuan aldeak egiten segitzeko.
Gernikaren defentsaren intentsitateak behera egin zuen azken laurdenean, eta horrek hutsartea eskatzera derrigortu zuen Montañana, markagailuak 60-50ekoa erakusten zuenean. Rayer Veneziaren kontrako partidu luzeak utzitako nekea ere jokoan igarri zitzaien Lointekekoei; Valencia Basketekoek, ostera, atseden egun bat gehiago eduki zuten, EuroCup Womeneko esfortzuez hobeto berreskuratzeko. Julie Wojtaren hiruko jaurtiketa batek partiduan berriro sartu zituen arren, azken minutuetan etxekoek hobeto kudeatu zuten jokoa, eta garaipen sendoa eskuratu zuten La Fontetan: 83-73. Lointekek, aldiz, partidu osoa haizez kontrara egin ondoren, ezin izan zuen borrokatu besterik egin.
Lehiaketaz lehiaketa. Partiduen zurrunbiloak ez du etenik izango Lointekekoentzat. Izan ere, eguaztenean EuroCup Women txapelketako itzuliko partidua jokatuko dute Movistar Estudiantes talde madrildarraren kontra, kanpoan. H multzoko bigarren postua jokoan izango da. Joanekoan, Malosten, Montañanarenak 66-54 gailendu ziren eta, horrenbestez, hamabi puntuko aldea daukate egun. Multzo horretako lehenak, partidu guztiak irabazi ondoren, Reyer Veneziako italiarrak izango dira; kaleratuta geratuko dira, bestalde, Rutronik Keltern Starseko alemaniarrak. Bigarren eta hirugarren postuen jabetza, ostera, eguaztenean argituko da.