Lucia Orbe eta Ugaitz Perez, Bizkaiko txapeldun
Lehenengoz lehiatu dute aurten, emakumezkoen Bizkaiko Orga txapelketa, eta Lucia Orbe da txapelduna. Harri Txikien Kintopekoen lurraldeko lehian, berriz, Ugaitz Perezek jantzi du Bizkaiko txapela.
Lucia Orbek eta Ugaitz Perezek jantzi dute txapela. Emakumezkoen Bizkaiko lehenengo Orga Txapelketa lehiatu dute gaur, Arratzun, eta Orbe izan da onena. Harri Txikien Kintopekoen lurraldeko lehian, berriz, Perez gailendu da.
Berdintasunerako bidean, beste pauso bat eman dute emakumeen. 150 kiloko orga altxatzera animatu dira, eta lehenengo Bizkaiko Orga Txapelketa lehiatu dute. Hala, orgari ia bi buelta emanda eta bere marka hautsita izendatu da Bizkaiko txapeldun Orbe. Hain zuzen ere, buelta bat, 3/4 eta 5’96 zentrimetro egin ditu orga eskuetan zeukala.
Oihane Parra izan da metro gehien egin dituen bigarrena, eta, beraz, Bizkaiko txapeldunordea. Buelta 1, 1/4 eta 2,60 zentrimetro osatu ditu, eta bere atzetik, podiumeko hirugarren postura igo da Nerea Sanz, buelta bat, 1/4 eta 0,80 zentimetro eginda. Laugarrena izan da Silvia Meseguer, buelta erdi eta 3,40 zentimetro eginda.
Orbek ez zuen txapelketa irabaztea espero, baina ezustean bada ere, bere marka hautsi du: “Ez nuen espero, beste hiru partaideak ezagutzen nituelako, eta Oihane eta Nerea oso ondo moldatzen direlako proba honetan”.
Orbek adierazi du Parrak egindako markak entrenamenduetan berak lortutakoa gainditzen zuela, eta hori hobetzea “oso zaila” izango zela. “Nik ez nekien zelan ariko nintzen, baina Parrak egindako metroek erreferentzia bat eman didate, eta hori zein zen ezagutzeak asko lagundu dit. Buelta eta erdikoa zen nire marka Arratzura etorri aurretik, baina ondo atera da dena eta oso pozik nago“, azaldu du kirolariak.
Herri kirolei ikusgarritasuna eman behar zaiela adierazi du irabazleak, eta “pozik” dago Bizkaiko lehen txapelduna izatearren.
Harri Txikien Kintopekoen lehiaketan, berriz, hiru partaide egon dira, eta Perez izan da pisu gehien altxatu duena. Zilindro zaharragaz 12 jasoaldi eta bolarekin 15 eginda, guztira, 2.394,9 kilo altxatu ditu. Bigarren postuan sailkatu den Ibai Sanzek baino 532,5 kilo gehiago altxatu ditu, beraz, garaileak; izan ere, 1.862,4 kilo jaso ditu txapeldunordeak –9 jasoaldi zilindro zaharragaz eta 12 bolagaz–. Hirugarrena izan da Aingeru Palacios, 1.430,9 kilo altxatuta; 9 jasoaldi zilindro zaharragaz eta 7 bolagaz.
Erakustaldia.
Bizkaiko Txapelketak lehiatu bitartean, Arratzuko Piratak Herri Kirol Taldekoek erakustaldi bikaina eskaini dute jendez betetako herriko frontoian.
Lokotx biltzean aritu dira Aritz Martin eta Patrik Saitua, eta harria zulatzeko lana bete dute Xabat Erleagak eta Jon Aboitizek. Iraide Gezuragak eta Salva Erleagak trontza ebaki dute binaka, lehenengo, eta Erleagak bakarkako erakustaldia egin du, gero. Ingudea ere probatu dute, bi taldetan banatuta, eta sakua eroateko lana zelakoa den ere erakutsi dute herri kirol taldekoek.