Giza eskubideak errespetatzeko aldarria
Euskal presoen eskubideak zein errefuxiatuenak errespetatzeko deia kaleratu dute Sare Gernika-Lumok eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak gaur, Giza Eskubideen Nazioarteko egunean.
Giza eskubideen nazioarteko eguna da gaurkoa, eta euskal presoen eskubideak zein errefuxiatuenak errespetatzeko deia kaleratu dute Gernika-Lumoko Sarek eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak.
Oraindik orain, salbuespen neurriak indarrean egonik, euskal presoen, iheslarien, deportatuen eta haien senideen giza eskubideak “urratuak” izaten jarraitzen dutela dio Sarek, eta, ondorioz, gaurko eguna aprobetxatuta, abenduaren 31n mobilizazioa egingo duela iragarri du; 18:00etan izango da manifestazioa, udal plazatik hasita. Urrunketa amaituko dugu lelopean egingo dute, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete.
Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak, bestalde, Espainiako estatuan Erregularizazioa Orain lelopean egiten ari diren kanpainagaz bat egiteko eskatu du, sinadura bilketa laster amaituko delako. Izan ere, 500.000 atzerritar baino gehiago bizi dira egoera administratibo irregularrean Espainiako estatuan, eta horietako asko, Busturialdeko herri eta auzoetan.
“Linbo burokratiko” batean daude, gizartearen parte direlako eta funtsezko lanak egiten dituztelako, baina, “administrazioak ez ditu” euren oinarrizko eskubideak errespetatzen. Ezin dituzte etxebizitzak alokatu, ezta kontratu bat sinatu edota osasun txartela eskuratu ere. ”Funtsezkoak direla esaten zaie, baina ez zaizkie oinarrizko eskubideak aitortzen”, azpimarratu dute taldeko ordezkariek.
Horregatik, Erregularizazioa Orain lelopean, atzerritar horietako batzuek Herri Ekimen Legegile bat abiatu dute Espainian. Azaldu dutenez, kanpainaren helburua da Espainiako Estatuan egoera irregularrean bizi diren 400.000 pertsonen ezohiko erregularizazioa lortzea. Hori lortzeko, baina, 500.000 sinadura lortu behar dituzte, izan ere, migratzaileen ezohiko erregularizazioaren proposamena Diputatuen Kongresuan eztabaidatzea lortuko dute horrela.
Hori dela eta, helburua lortzeko sinadura bilketa jarri zuten martxan, eta hori egiteko aukera zabalik dago oraindik, Busturialdean; Gernika-Lumoko Arranon eta Astran eta Bermeoko Luma liburudendan sinatu daiteke eskaera.
Sentsibilizazio kanpaina, aldundiak.
Bizkaiko Foru Aldundiak, bere aldetik, migrazioari eta giza eskubideei buruzko sentsibilizazio kanpaina berri bat abiarazi du, pertsonen duintasunaren babesa oinarri daukana.
Aldunditik aldarrikatu dute pertsonak “berdinak” direla euren aniztasunean. “Eskubide eta erantzukizun berberak ditugula aldarrikatzen dugu, eta aukera eta betebehar berberak izan behar ditugula”, adierazi dute.
Giza eskubideak berdinak dira pertsona guztientzat, eta gizartearen desberdintasuna eta aniztasuna aukeratzat ditu aldundiak, “mesede egiten duen aberastasuna”. Horregatik, diotenez, “beharrezkoa” da oztopo mental eta fisiko guztiak atzean uztea eta eragin “toxikoa” duen edozein aurreiritzi baztertzea, “besteak ez ezagutzearen erakusle baino ez direlako”.
Ahaleginak bateratu eta elkarregaz lan egin behar dela azpimarratu dute, pertsona guztientzako eskubide eta aukeren berdintasuna errazteko. “Denon artean errazagoa izango da aurreiritzirik gabeko herritar bihurtzeko ametsa lortzea. Bizkaia gizarte mestizoa eta askotarikoa da, eta hemendik aurrera oraindik gehiago izango da, aniztasuna aberastasuna delako”.