Itzalean bizi diren herritarren alde
Espainiako Estatuan ‘Erregularizazioa Orain’ lelopean egiten ari diren kanpainagaz bat egin du OOEE Busturialdeak, eta gaia eskualdera gerturatzeko bideoa prestatu du.
Bostehun mila atzerritar baino gehiago bizi dira egoera administratibo irregularrean Espainiako Estatuan, horietako asko Busturialdeko herri eta auzoetan, herritarrengandik gertu. «Linbo burokratiko» batean daude, gizartearen parte direlako eta funtsezko lanak egiten dituztelako, baina, administrazioak ez dituela euren oinarrizko eskubideak errespetatzen salatu dute. Ezin dituzte etxebizitzak alokatu, ezta kontratu bat sinatu edota osasun txartela eskuratu ere. Funtsezkoak direla esaten zaie, baina ez zaizkie oinarrizko eskubideak aitortzen.
Horregatik, Erregularizazioa Orain lelopean, atzerritar horietako batzuek Herri Ekimen Legegile bat abiatu dute Espainian. Azaldu dutenez, kanpainaren helburua da Espainiako Estatuan egoera irregularrean bizi diren 400.000 pertsonen ezohiko erregularizazioa lortzea. Hori lortzeko, baina, 500.000 sinadura lortu behar dituzte, izan ere, migratzaileen ezohiko erregularizazioaren proposamena Diputatuen Kongresuan eztabaidatzea lortuko dute horrela. «Eztabaida soziala lortu gura dugu, Legebiltzarrean behar adina babes lortu nahi dugu, gero, legegintza ekimen hori Kongresuan onartu dezaten. Halaber, gizartean migratzaileei buruzko pertzepzioa aldatzea lortu nahi dugu, eskubide osoko pertsonatzat har daitezen eta zaurgarriak izan ez daitezen», azaldu dute.
Hori dela eta, helburua lortzeko sinadura bilketa jarri zuten martxan, eta hori egiteko aukera zabalik dago Busturialdean; hain zuzen ere, Gernika-Lumoko Arranon eta Astran eta Bermeoko Luma liburudendan sinatu daiteke eskaera, abendura bitartean.
Ongi Etorri Errefuxiatuak Busturialdea taldeak, bere aldetik, kanpainagaz bat egiteaz gain, oinarrizko eskubideak urratzen zaizkien horiek ondoan bizi diren, lagun, lankide, ezagun edota klasekideak direla erakutsi gura izan dute, eta, horretarako, ikus-entzunezko bat prestatu dute: Erregularizazioa ORAIN!. Hain zuzen ere, taldeko partaideen eta Bermeoko Iñigo Iriondo Gatom musikariaren artean gauzatu dute, Bad Sound System taldearen musikagaz; bat egin dute kanpainagaz, eta lanerako prestutasuna agertu dute. «Erregularizazio kanpaina Espainiar Estatuan antolatu dute, baina guk gure ingurura gerturatu gura izan dugu. Izan ere, asko dira egoera horretan bizi diren inguruko herritarrak. Bideoagaz erakutsi gura genuen halako kanpainek eragin zuzena izan dezaketela gure herrietan, eta ez bakarrik Espainian», azaldu dute Busturialdeko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko ordezkariek.
Hala, eskualdean bizitzen urteak daramatzaten herritarrak ageri dira ikus-entzunezkoan, Busturialdean bizimodu normala egiten dutenak, baina erregularizatu barik daudenak. «Ez dituzte paperak, eta, ondorioz, ez dute gizarte segurantzarako eskubiderik, baja bat eskatzeko aukerarik, lanerako eskubiderik, ezta amatasuna eskatzeko aukerarik ere. Itzaletan dauden pertsonak dira, oinarrizko eskubideak ez dituztenak, baina gugandik gertu bizi direnak», azpimarratu dute.
Bideoagaz gaurkotasunik ez duen gai horri behar duen lekua eman eta Busturialdeko herritarrei etorkinen errealitatea zein den ulertarazi gura diete; egunero kalean ikusten dituzten horien egunerokoa zein den plazaratu, alegia: «Egunero ikusten dituzten pertsona horiek erregularizatu barik daudela esan gura dugu. Gure gurasoak zaintzen dituzten horiek, itsasora lanera doazenak, tabernetan tragoak ataratzen dituztenak… Lan egiten dute, baina ez dute hiritartasunik». Ondoriorik ez daukan egoera bat dela pentsatu daiteke, baina «ondorio oso gogorrak» ditu. Izan ere, asko dira aitortzen ez zaizkien eskubideak.
Hala, erregularizazioa lortuz gero, euren egoera «asko» hobetuko litzateke, eta, gaur gaurkoz ez daukaten hiritartasuna lortuko lukete. «Hemen bizi diren milaka pertsonek, hemen modu irregularrean lan egiten dutenek, ez dituzte beste guztioi lan zuzenbideak eskaintzen dizkigun eskubideak; ezin dute inongo erasorik edo eskubide urraketarik salatu, lanean ez daudela suposatzen delako».
Eskubide politikorik ere ez dutela nabarmendu dute OngiEtorri Errefuxiatuak taldekoek. Izan ere, etorkinek ezin dutela euren egoera plazetan salatu adierazi dute, «hiritartasunik ez dauketelako eta beldurrez bizi direlako». Ondorioz, ezin zaiela betebehar sozialik eskatu adierazi dute: «Bizitza duin bat behar dute. Ezin diegu exijitu gure gizarte eta testuinguru sozialean betebeharrak dituztela pentsatzea, izan ere, oinarrizko eskubideak ere ez zaizkie onartzen».
Bestalde, gizarte anitza eta elkarbizitza bultzatzeko bidean, taldekoek esan dute «oinarrizkoa» dela etorkinen erregularizazioa bultzatzea. «Orain gauzatzen ari garen sinadura bilketa nortasun agiria daukagunok bakarrik sinatu dezakegu. Kanpaina honetan ere, ezin dituzte euren eskubideak defendatu. Sufritzen duten bereizketa edo diskriminazioa sekulakoa da. Gainera, normalizatu egin dugun egoera da, baina normala ez dena. Errealitate gogorra da bizi dutena».
Hala, bideoagaz, gaiari berriro eustea bilatu dute, eta, zehaztu dutenez, gaur gaurkoz, ia 400.000 sinadura batu dituzte; zehatz esateko, 361.104 sinadura zenbatu dituzte.
Arazoei aurre eginez
Busturialdeko taldekoek abuztuan zabaldu zuten ikus-entzunezkoa, baina hori egiteko bidea zailtasunez betetakoa izan dela aitortu dute.
Eskualdean modu irregularrean bizi direnek euren bizitza zelan eraiki duten ikus daiteke ikus-entzunezkoan, eta hori erakusteko eskualdeko herrietan burutu dituzten ekintzak agertzen dira bideoan, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak bultzatutakoak batzuk eta etorkinek eurek egin dituztenak beste batzuk: futbol partidu bat, esate baterako. «Ikusarazi gura genuen, nahiz eta euren egoera irregularra izan, euren bizitza eraikitzen ari direla, bertan lan egiten dutela eta ekintza sozialetan parte hartzen dutela», azaldu dute arduradunek.
Hala eta guztiz ere, bideoa egiteko «zailtasunak» izan dituztela adierazi dute egileek. «Hasierako ideia etorkinei lehenengo planoak ateratzea zen, euren izen edo ezizenagaz eta eskualdean bizitzen daramaten denboragaz. Baina hori egiten ahalegindu ginenean, ezezkoa ematen ziguten, izan ere, hori eginez gero, isuna jaso dezakete, modu irregularrean bizi direlako bertan», argitu dute. Ezin dute euren aldeko sinadura kanpainan parte hartu, ez eta ere euren egoera plazaratzeko ikus-entzunezko batean agertu: «Ezkutatuta bizi dira. Bideo bat egiterakoan ere ikusi ditugu era irregularrean bizitzearen ondorioak zeintzuk diren».
Hainbat dira apirilean hasi zirenetik eduki dituzten arazoak, baina horiei aurre egin, eta eskualdean modu irregularrean bizi direnen egoera plazaratu dute, eta, herritarrei kanpainan parte hartzeko deia egiten diete.