Athletic eta Chivas: filosofia, koloreekiko maitasuna eta lurraldeko jokalariekiko apustua
Athleticeko eta Chivaseko ordezkari zein jokalariek Gernika-Lumo bisitatu dute gaur arratsaldean. Eta, bihar, 19:00etan, San Mamesen jokatuko dute 'Gernikako Arbola' izeneko txapelketa.
Athletic Club eta Chivas futbol taldeetako jokalari zein ordezkariak Gernika-Lumon izan dira, gaur. Bisita hau bi taldeen arteko norgehiagokaren atarikoa izan da, izan ere, bihar, 19:00etan, San Mamesen aurrez aurre ikusiko dute elkar, ‘Gernikako Arbola’ izeneko txapelketan.
Kolore zuri gorriez gain, nortasunarekiko konpromisoak batzen ditu Athletic eta Chivas. Euskal Herriko jokalariekin jokatzen du Bilboko taldeak, eta herrialde bereko jokalariak zelairatzen dira Chivasen zelaian; izan ere, jaiotzez mexikarrak direnekin bakarrik lehiatu dezakete talde mexikarrean. “Horrek, zalantzarik barik, bi talde horiek mundu mailan aintzatestea eragiten du, nahiz eta jakin, ez direla tradizio hori duten bakarrak”, adierazi dute talde mexikarreko ordezkariek.
Harrobian jartzen dute arreta biek ala biek, eta emaitza “oso positiboak” jaso dituztela azaldu dute. Diotenez, harrobiaren indarra “oso garrantzitsua” da lurraldeko talentuan konfiantza duten taldeentzat.
Hori horrela, ordezkariek Batzarretxea bisitatu dute lehenengo, eta Gernikako arbolaren aurrean atera dute argazkia, gero; ostean, udaletxera joan dira, eta Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok egin die ondoetorria. Bisitaldia amaitzeko, berriz, Jai Alai frontoia bisitatu dute, eta puntisten zuzenbideak jarraituz, zesta-puntara jokatzeko aukera ere eduki dute.
Filosofia, koloreekiko maitasuna eta lurraldeko jokalariekiko apustua. Horiek izan dira Gernika-Lumoko bisitaldian gehien errepikatu dituzten berbak.