Bidebusaren zerbitzua baloratzeko inkesta kaleratu du udalak
Helburua erabiltzaileen iritzia ezagutzea da. Lau galdera errazeko inprimakia Internet bidez edo udal zerbitzu batzuetan bete ahalko da, abenduaren 31 aurretik.
Gernika-Lumoko Udalak Bidebusaren zerbitzuari buruz herritarrek duten iritzia ezagutu gura du. Horretarako, inkesta bat kaleratu du, datorren urtean zerbitzua lizitatu aurretik hori hobetzeko proposamenak egiteko.
Herritarren ekarpenak jasotzeko galdetegia HAZen eta kultur etxean dago eskuragarri, eta modu digitalean ere lortu ahal izango da, autobusaren kartelean agertzen den QR kodearen bidez.
Lau galdera errazeko inprimakia abenduaren 31 aurretik bete beharko da. Bertan, Bidebusa zerbitzuan dauden zerbitzu bereziak mantentzeari buruzko iritzia eman beharko dute parte hartzaileek, eta zerbitzu berezi berriren bat proposatzeko aukera ere izango dute. Gainera, zerbitzuaren doakotasunari eta balorazio orokorrari buruzko iritziak plazaratu beharko dituzte. Ekarpen gehiago egiteko aukera ere egongo da inkestan.