Patricia Bura fitxatu du Lointek Gernika Bizkaiak
Anna Montañana entrenatzaileak Buraren "lan egiteko gogoa" nabarmendu du, eta uste du Burak "asko" lagun dezakeela erasoko zein defentsako lanetan, baita errebotean ere.
Patricia Bura fitxatu du Lointek Gernika Bizkaiak, Chanel Mokangoren aldi baterako kontratu amaierak taldean utzitako lekua betetzeko. Zagrebeko jokalaria Hungariako Ligako Cegled taldetik ailegatuko da, eta bere lehen esperientzia izango da Espainiako emakumezkoen ligan.
Hala ere, nazioarteko lehiaketetan ibilbide luzea daukan jokalaria da Bura, Europako liga desberdinetan jokatu baitu, baita Eurocup Women txapelketan edota Kroaziako selekzioarekin nazioarte mailan ere.
Iaz, Eslovakiako Ruzomberok taldean jokatu zuen, eta bataz beste 9,3 puntu eta 8,4 errebote lortu zituen, ligako eta Europako txapelketak kontuan hartuta. Aurten, Cegleden, 6,9 puntu eta 6,1 errebote eskuratu ditu. Talde gernikarreko ordezkariek adierazi dute pibota “une gozoan” ailegatuko dela, FIBAko azken partiduan 33 puntuko balorazioa lortu baitzuen, 19 puntu eta 11 errebota lortu ostean.
Anna Montañana entrenatzaileak Buraren “lan egiteko gogoa” nabarmendu du: “Intentsitate handiko jokalaria da, eta fisikoki ondo helduko da. Gainera, Kroaziako selekzioan taldekide duen eta gure taldeko jokalaria Andrijana Cvitkovicen laguntzagaz bere egokitzapen epeak laburtuko ditugu”. Montañanak gehitu du Burak “asko” lagun dezakeela erasoko zein defentsako lanetan, baita errebotean ere.