Escamot Catala taldeak dantzan jarriko du Gernika-Lumo, bihar
Hizkuntza bera hitz egin ez arren, herritarrak dantzan uler daitezkeela erakutsiko dute, bihar, Escamot Catala talde kataluniarreko dantzari eta musikariek. Astrara bertaratuko dira, eta, handik hasita, Gernika-Lumoko bizilagunen gerriak dantzan jarriko dituzte egun guztian zehar. Katalanen doinura dantzan jarriko dute udalerria.
Abenduko zubian Kataluniatik Euskal Herrira bertaratzen diren zortzigarren aldia da aurtengoa, eta zazpi herritan dantzarako hitzorduak zehaztu dituzte. Hain zuzen ere, Baigorri, Irurita, Iruña eta Leitzan ibili eta gero ailegatuko dira udalerrira. Ostean, Elgeta eta Bergara jarriko dituzte dantzan.
Aurten, guztira, Kataluniako 25 musikarik eta dantzarik hartuko dute parte Euskal Herriko biran, eta herritarrei Astrara bertaratzeko deia egin diete. Musikariak Kataluniako folk talde desberdinetatik etorriko dira, eta, dantzariak, berriz, Frantzia eta Kataluniako jaialdi desberdinetan aritutakoak dira.
“Proposamen hau guztiz parte hartzailea da, jendea dantzan jarri nahi dugu, dantzarekin gozatu ahal izateko”, azaldu dute, eta, dantzaldi sozialean elkartuko dira. Goizean, kalejira egingo dute udalerrian, Sigo Saga eta EinGo Eskolako musikariekin batera. Arratsaldean, berriz, dantza tailerra eskainiko dute, eta, bertan, denetariko dantzak praktikatuko dituzte, horiei dagokien azalpena eskaini eta gero: baltsak, pasodobleak, eskotixak, mazurkak, jauziak, jotak, Lantzeko zortzikoa, Chapelloise, Borobila… Gainera, zehaztu dute Kataluniako eta Gaskoina-Okzitaniako dantzak –sokan eta korruuan– ere landuko dituztela. “Batez ere Okzitania, Katalunia, Frantzia, Europa eta Euskal Herrietan jatorria duten dantzak joko ditugu”, gehitu dute.
Egitaraua.
12:00. Kalejira Astran hasita. Escamot catala, Sigo-Saga eta EinGo Eskolakoak ariko dira.
17:00. Dantza tailerra Astran.
19:30. Dantzaldi irekia Astran.