Negulekuetan izena emateko epea zabaldu du Gautegiz Arteagak
Gautegiz Arteagako Udalak Gabonetako Negulekuak antolatu ditu beste urte batez, eta horietan parte hartzeko, interesatuek abenduaren 9a aurretik izena eman beharko dute; udalaren webgunean eta kutur etxean daude izena emateko orriak. Hilaren 26tik urtarrilaren 5era bitartean egingo dituzte 3 eta 10 urte bitarteko umeei zuzendutako Negulekuak. Aurten, euskal mitologia jorratuko dute horietan.
Abenduaren 26, 27, 28, 29 eta 30ean eta urtarrilaren 2, 3, 4 eta 5ean izango dira negulekuak, 10:00etatik 14:00etara bitartean; zehaztu dute 09:30etik aurrera harrera zerbitzua eskainiko dutela. Egiten diren jarduera guztiek –eskulanak, jolasak eta ipuinak tarteko–, euskal mitologia izango dute ardatz.
Gabonetako ekintza hau umeentzako “guztiz dibertigarria” den jarduera dela dio Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak. Dioenez, kultur arloko jolasak eskaintzeaz gain, “laguntza bikaina” dira familientzat: “Urtean zehar udalak udalekuak antolatzen ditu, bai Aste Santuko oporretan, bai udan, bai neguan. Gurasoek eta herriko umeekk beti adierazi digute euren poztasuna, izan ere, aisialdirako aukera ona, entretenigarria eta didaktikoa dira”. Harremanak estutzeko eta belaunaldi berriek “sustraiak udalerrian” dituztela sentitzeko balio dutela gehitu du alkateak.
Esan du udaletik ere “modu oso positiboan” baloratzen dituztela: “Oso modu positiboan baloratzen dugu herritarren parte hartzea, horregatik, udaleku hauek dagoeneko udal agendaren parte dira”.