"Jendetza" batu da XVIII. Txerriki Egunean
Muruetako Udalak aurreikusita zeukana baino jende gehiago hurbildu zen atzo Muruetara. 110 lagun batu ziren Ibai Amillategi eta Sebastian Lizasok abestu zuten bertso bazkarian.
“Jendetza” batu zen, atzo, XVIII. Txerriki Egunean. Muruetako alkate Julen Karrion “oso pozik” agertu da Muruetan bizi izan zen giroarekin, eta “eguraldi ederrak” lagunduta, esperotakoa baino jende gehiago hurbildu zela adierazi du alkateak.
Ospakizunak 11:30eko mezarekin hasi bazituzten ere, goiza aurrera joan ahala hasi zen jendea Muruetara hurbiltzen. 12:30ean, txupinaren jaurtiketarekin batera eman zioten hasiera ofiziala festari. Jarraian, Foruko Urdaibai Dantza Taldekoak arduratu ziren azoka gunea girotzeaz.
Atzokoa egun eguzkitsua izan zen arren, hotz handia egin zuen, eta jendea berotan sartzeko Eingo! musika taldekoek girotu zuten Txerriki Eguna, euskal abestien doinuak musikatuz. Abenduko lehen asteburuko ohiko festa bihurtu den honetan, ezin da txerriaren zozketa falta. Zozketako sarituak txerriaren ordez dirua aukeratu du, aurten ere; 250 euro ematen ditu Muruetako Udalak.
15:30ean tripak betetzeko txanda iritsi zitzaien bertso bazkarian izena eman zuten 110 lagunei. Kasu honetan ere, saltzea aurreikusita zeukaten tiket kopurua “zati handiarekin” gainditu zuten. Karrionek adierazi du bazkaria “gozamen hutsa” izan zela, eta Ibai Amillategi eta Sebastian Lizasoren bertsoekin ederto pasa zutela.
Boluntarioei eskerrak. Muruetako alkateak ez ditu ahaztu nahi izan Txerriki Eguna aurrera eramateko lanean aritu diren boluntario guztiak. “Bolondres hauek gabe ezinezkoa izango litzateke Txerriki Eguna bezalako euskal jaiak aurrera eramatea. Beraiei esker izaten dira horren ederrak egun hauek”, adierazi du.
Goizean zehar Muruetan egon zen azokak arrakasta handia izan zuen hurbildutakoen artean. Eguerdi parterako postuetako askok ia produktu guztiak salduta zituzten, eta saltzaileak oso pozik agertu ziren.
Argazkiak: Muruetako Udala.