Olatz Arrizabalaga, lau eta erdiko finalerdien atarian
Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarrak Enara Gaminderen kontrako jokatuko du domekan, Matienako frontoian, lau eta erdiko Master Laboral Kutxako finalaurreko partidua.
Olatz Arrizabalaga pilotari gernika-lumotarra lau eta erdiko Master Laboral Kutxa esku pilota txapelketako finalaurrekoan jokatzeko prest dago. Aurtengo pilota denboraldiko 3 Hiriburuak edota San Mateo Txapelketetan nagusi agertu da Arrizabalaga, eta adierazi du lau eta erdiko txapelketa “urteko helburu nagusietako bat” dela adierazi du; helburu hori lortze aldera, finalerdietako partidua domekan jokatuko du, Matienako pilotalekuan, Enara Gaminderen kontra.
Gernika-Lumokoak azaldu du Gaminde “sobera ezagutzen duen pilotaria” dela: “Aurkari gogorra bezain ezaguna egokitu zait finalerdietarako. Enara eta biok klub berean gabiltza, eta, horrenbestez, urte osoan zehar elkarregaz entrenatzen dugu”. Lau eta erdiko txapelketa irabaztea da Arrizabalagaren “helmuga nagusia”, baina bidean “arerio gaitza” suertatu zaio: “Pilota mistoan irabazteko dudan txapelketa bakarra da lau eta erdikoa; hortaz, ilusio berezia egiten dit. Finalaurreko partidua gogorra izango dela uste dut; ondo dakit Enarak zein joko mota egitea bilatuko duen, eta horren arabera planteatu beharko dut partidua. Neure indarguneak ahalik eta gehien zukutzen ahalegindu beharko naiz, eta berak ezagutzen dituela ziur nagoen nire ahuleziak ezkutatzen”.
Arrizabalaga “oso motibatuta” ageri da partidu horren ataritan; izan ere, final laurdenetako norgehiagokan maila oso handian dagoela erakutsi zuen. Partidu hura azaroaren 19an izan zen, eta Leire Garai arabarra nagusitasunez hartu zuen menpean, 22-8ko markagailuagaz. Bestalde gernika-lumotarrak argi eta garbi dauka lau eta erdiko txapelketan gailentzeko hautagai nagusia nor izango den: Amaia Aldai. “Hurretik jagon beharreko pilotaria da. Denboraldi osoan erakutsi du maila handiari eusteko gai dela, eta horrek hainbat finaletara ailegatzea ahalbidetu dio; final horietako batzuk, gainera, irabazi egin ditu”.
Horregaz lotuta, Arrizabalagak gogora ekarri du Aldaik Laia Salsamendiren kontra final laurdeneko partiduan eskuraturiko garaipena: “Laiaren aurkakoan, Amaia goi-mailan dagoela sumatu nuen. Lehendik ere jakin banekien partidu horretarako hautagaia hura izango zela, baina egundoko nagusitasuna erakutsi zuen norgehiagoka osoan zehar. Oso serio eta akats barik jokatu zuen. Ez daukat zalantzarik: hura da hautagai nagusia“.