Gerekizeko hilaren 11ko landaketetarako aurretiaz izena eman behar da
Parte hartu gura duenak aurretiaz izena eman beharko du, eta hori egiteko azken eguna izango da abenduaren 8a.
Biodibertsitatearen kontserbazioa eta natura ondarearen kudeaketa sustatzea ditu helburu Lurgaia Fundazioak: espezieak, habitatak, prozesu ekologikoak eta paisaia. Hori horrela, Urdaibaiko goi ibarretako basoen azalera handitzeko lanean jarraituko dute, eta abenduaren 11n Gerekizera joango dira berriro. “Betiko modura, plana Eletxoste errekaren haranaren hegaletan guztion onerako lan eginez landatzea eta gozatzea da”, azaldu dute.
Abenduaren 11n, 09:00etan elkartzeko deia egin dute, Gerezkizeko aterpetxearen alboan, eta handik joango dira landaketak egitera. Amaitzerakoan, hamaiketakoa jango dutela jakinarazi dute.
Parte hartu gura duenak aurretiaz izena eman beharko du, eta hori egiteko azken eguna izango da abenduaren 8a. Horretarako, info@lurgaia.org helbide elektronikora mezua bidali beharko da.
Bertaratuko direnentzako ohiko gomendioak gogorarazi dituzte Lurgaiakoek; eguraldiaren aurreikuspenaren arabera, mendiko edota uretako oinetako eta arropak eroateko esan dute, baita ura eta jateko zerbait ere.