Gabonetan girotutako lehen azoka antolatu du Bermeoko Udalak
Gutxi gorabehera, 25 postuk osatuko dute azoka. Gabonetan girotutako azoka egitea erabaki zen, irailean eginiko Elkano Feriak izan zuen arrakasta ikusita.
Abenduaren 8tik abenduaren 11ra bitartean Gabonetan girotutako azokaren bitartez emango diete ongi etorria Gabonei bermeotarrek. Bermeoko Udalak lehenengoz antolatu du azoka hori, eta Frantziskotarren komentuaren aurreko aldean eta Erretenen artean kokatuko dute. Azokak,egunero, 11:00etan irekiko ditu bere ateak.
Gabonetako produktuak eskainiko dituzte, azokan egongo diren 25 postuek. Bertan aurkitu ahal izango dira taloak, turroiak, gazta, ardo beroa edota Gabon garaian oparitzen diren ohiko produktuak. Gainera, umeentzako egurrezko noria eta karrusel bana jarriko dituzte.
Azoka ingurua Euskal Herrian “horren famatuak” diren pertsonai mitologikoz apainduko dutela azaldu du azoka antolatzeaz arduratu den Asier Velascok. Besteak beste, Mari, Lamia, Basajaun, Sorgina eta Galtzagorria egongo dira bertan. Taraska inguruan Gabon dekorazioa ere ez dela faltako azaldu du antolatzaileak.
Bermeoko kultura zinegotzi Alazne Zumetak azoka herritar guztiei zuzenduta dagoela azaldu du. “Azoka abenduko zubian egitea pentsatu dugu, herritik aterako ez diren bermeotarrek disfrutatzeko. Noski, inguruko herrietakoak ere, beti bezala, ongi etorriak izango dira. Seguru gaude etxeko txikiek eta nagusiek asko disfrutatuko dutela elkarrekin. Adin tarte ezberdinei bideratutako azoka izango da”, adierazi du.
Zumetak azaldu du iraileko Elkano Feriak izan zuen arrakasta ikusi ostean erabaki zutela Gabonetako azoka egitea. Hala ere, azoka beste toki batean antolatzea ideia ona zela uste zuten, eta, horrenbestez, Lameratik Taraskara lekualdatu dute. Gabonetako azokak izandako antzerako arrakasta izatea espero dutela onartu du Zumetak.
Umeentzako ekintzak. Egurrezko noriaz eta karruselaz gain, postuen artean Gabonetako panpinak egongo dira ikusgai. Gainera, herritik zehar “ibilbide laburtxo bat” egingo duen trena antolatu du udalak. Ibilbidearen hasiera Lameran izango da. Karrusela, gainera, ekologikoa izango da; pedalen bidezko sistema bat erabiliko du.