Gabon argiak piztuko dituzte bihar
Udal arduradunek zehaztu dutenez, udalerriko ikasleak izango dira ekitaldiaren protagonista nagusiak, eta argiak piztu ondoren txokolate jana egongo dela gehitu dute.
Gernika-Lumoko kale eta monumentuak apainduko dituzten Gabon argiak piztuko dituzte bihar, 18:00etan, Foruen plazan. Udal arduradunek zehaztu dutenez, udalerriko ikasleak izango dira ekitaldiaren protagonista nagusiak, eta argiak piztu ondoren txokolate jana egongo dela gehitu dute.
Etzi, berriz, San Kristobaleko arbola argituko dute 18:00etan, eta, 20:00etan, Santa Maria elizaren aurrealdean jarritako argiak piztuko dituzte; hain zuzen ere, udalerriko lau abesbatzek parte hartuko dute ekitaldi horretan: Andra Mari koralak, Julia Foruriak, Segundo Olaeta Musika Eskolak eta Kalapitakak.
Bestalde, Santa Luziako ermitan jartzen duten jaiotza domekan zabalduko dute, 13:15ean, eta txokolate jana egongo dela zehaztu dute. Jaiotzak 16 metro koadroko azalera izango du, eta urtarrilaren 7ra arte bisitatu ahalko da, astelehenetik barikura 16:00etatik 20:00etara bitartean, eta asteburuetan 10:00etatik 20:00etara bitartean.
“Gabon jasangarria”.
Azken urteotako politikagaz jarraituz, apaingarrien diseinua udalerriko Gabonetako kontu historikoetan oinarritzen da, eta, zehaztu dutenez, argi gorridun apaingarriekin alderatuta, %75 aurreztuko dute aurten.
Argi apaingarriak aurreko Gabonetako ordutegi bera izango dute, 18:00etatik 00:00etara eta 06:00etatik 08:00etara.