Erabilera publikora bideratzeko orube bat berreskuratu du Bermeoko Udalak
Alde Zaharreko Nadiz Tar Jon kaleko orubean erabilera publikorako plazatxo bat egingo dute, eta "bermeotarren identitatea balioan jarriko duen" mural handi bat margoztuko dute.
Bermeoko Udalak Nadiz Tar Jon kalean dagoen orube bat berreskuratu du. Gune hori berritu eta erabilera publikoko plazatxo bat egingo dute, espazio berdeak eta deskantsurako guneak egokituko direla aurreratu dute.
Adierazi dutenez, lan horiek Alde Zaharra biziberritu, itxuraz aldatu eta erakargarriago bihurtzeko estrategiaren barruan sartzen dira, eta 47.557,20 euroko inbertsioa egingo dute ordubea berreskuratzeko
Gainera, “bermeotarren identitatea balioan jarriko” duen mural handi bat margotuko du Jose Ramon Bañales artistak. Iraupen luzeko langabetuak gizarteratzeko enplegu eta prestakuntza proiektuaren barruan egingo dute. Aurreikuspenenen arabera, orubeko lanak urtarrilean bukatu bezain laster, otsailean, murala margozten hasiko dira.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak garrantzi handia eman dio bermeotarren identitatea balioan jarriko duen obra bat izateari: “Orube bat erabilera publikorako berreskuratuko dugu. Honi esker, herritarrek espazio berri bat irabaziko dute. Gainera, han egingo den muralak alaitasuna emango dio inguruari. Honela, orube huts bat zegoen tokian plaza berri bat sortuko da, eta, gainera, gure identitatea balioan jarriko duen obra bat izango dugu bertan”.