Elantxobe San Nikolas Jaien ataritan dago
San Nikolas Jaiak ospatuko dituzte hilaren 6an Elantxoben. Besteak beste, III. Kaltzadan Gora Xtreme lasterketa, umeen herri krosa, musika emanaldiak edota txokolate jana egingo dituzte jaion egitarau barruan.
Abenduaren hasieragaz batera, elantxobetarrak festarako prest daude. Hilaren 6an eta 10ean San Nikolas Jaiak ospatuko dituzte, eta herritar guztiei bideratutako egitaraua atondu du udalak. Korrika ipiniko dute abian jaietako egitaraua: Kaltzadan Gora Xtreme kilometro bertikalaren hirugarren aldia egingo dute hurrengo martitzenean, 10:00etan hasita. Izen ematea zabalik dago, eta egunean bertan ere egongo da. Eskualdeko korrikalaririk bizkorrenak elkartuko ditu proba horrek, besteak beste, bertan egongo dela aurreratu duen Imanol Goñi natxituarra; Goñik dauka, gaur-gaurkoz, lasterketako denborarik azkarrena. Estreinako aldian 7 minutu eta 28 segundoko marka ezarri zuen Natxitukoak. Iaz hirugarren postuan sailkatu zen; Ekaitz Lejarzegi ajangiztarra, bigarren, eta Julen Aranguena kortezubitarra, garailea, eduki zituen aurretik. Sari ematea Tinglauan egingo dute, behin parte-hartzaile guztiek proba amaituta.
Txikienek ere arineketan egiteko aukera paregabea edukiko dute jarraian: 10:30ean umeen herri krosa egingo dute. Gaztetxoenek kikimarratuta edo mozorrotuta lasterka egingo dute; krosa amaitzean, hotzari txokolate beroagaz aurre egingo diote. 12:00etan, herriko San Nikolas elizan elizkizuna egingo dute, eta arratsaldean kirol saioei berrekingo diete. Izan ere, 17:30ean, plazan umeentzako herri kirol saio parte-hartzailea egingo dute, Urtza Herri Kirol Klubak antolaturik. 19:00etan, Elizabarrin disko festaz gozatu ahalko dute bertaratzen direnek; Mitxel Play arduratuko da musika ipintzeaz eta jaiak girotzeaz.
Musika saioaz gain, zuzeneko musika emanaldiei ere tartetxoa gorde diete San Nikolas Jaien egitarau barruan. 21:30ean, Elizabarrin rock kontzertuak egongo dira: Postpose taldea taularatuko da lehenengo eta behin; ondoren, The Uski’s taldeak hartuko du oholtza, elantxobetarrak eta bertara hurreratutakoak dantzan ipintzeko asmoz. Elantxobeko Udaletik aurreratu dute bai kontzertuak, bai umeentzako saioak Tinglaupean egingo dituztela, eguraldi txarra baldin badago.
Herria, iruditan. Hilaren 10ean, jaietako azken egitasmoa egingo dute San Nikolas elizan: 18:30ean, Elantxobe 1990-1993 bideoaren proiekzioa egingo dute. Argi Zameza Elantxobeko kultur zinegotziak azaldu duenez, “herritarren artean elkarlanez egindako bideoa” izango da: “Urte bi horien artean kokatutako irudiak eta bideo zatiak dokumental bihurtu dituzte elantxobetarrek, eta, horrenbestez, aukera polita izango da herria beste sasoi bateko ikuspegitik ikusteko”.
EGITARAUA:
*Abenduak 6 (martitzena):
- 10:00. Kaltzadan Gora Xtreme kilometro bertikala.
- 10:30. Umeen herri krosa.
- 12:00. Elizkizuna San Nikolas elizan.
- 17:30.Umeentzako herri kirol saio parte-hartzailea plazan, Urtza Herri Kirol Klubak antolatuta.
- 19:00. Disko festaz, Mitxel Playgaz, Elizabarrin.
- 21:30. Rock kontzertuak: Postpose eta The Uski’s, Elizabarrin.
- Oharra: Umeentzako saioak eta kontzertuak Tinglaupean egingo dituzte, eguraldi txarra baldin badago.
*Abenduak 10 (zapatua):
- 18:30. Elantxobe 1990-1993 bideoaren proiekzioa, San Nikolas elizan.