Familientzako diru laguntzak eskainiko dituzte Foruko eta Ibarrangeluko Udalek
Azaroaren 28tik abenduaren 16ra arte egin ahal izango da eskaera Foruan. Ibarrangelun, abenduaren 31ra arteko gastuei aurre egin ahalko diete familiek. Gehienezko diru laguntza 100 euroko izango da, eta herrian erroldaturiko 0 eta 18 urte arteko umeak dituzten familiek jaso ahalko dituzte.
Beharrizana duten familientzako diru laguntzak eskainiko ditu Foruko Udalak. Eskaria azaroaren 28tik abenduaren 16ra arte, biak barne, egin behar da.
Adierazi dutenez, diru laguntza horiek arautzen dituen ordenantza betetzeko, 2023 urterako diru laguntzak emateko prozedura hasi dute, eta lguntzak eskatzeko eraman beharreko dokumentazioa eta betebeharreko baldintzak udal bulegoetan eska daitezke.
Ibarrangelun, herrian erroldaturik dauden 0-18 urte bitarteko umeak dituzten familiek jasoko dituzte laguntzak; gehienezko diru kopurua 100 eurokoa izango da. Laguntzak, besteren artean, ondorengo materialetan emango dituzte: eskolako materiala, garraio nahiz jantoki zerbitzua, material higieniko-sanitarioa, liburuak, eta abar. Erreziboa edota faktura aurkeztuz bideratuko dira laguntzok, eta familiek abenduaren 31ra arteko gastuei aurre egin ahalko diete beraiekin.
Ibarrangeluko alkate Jesus Mari Ziluagak azaldu du diru laguntzak, krisialdi garai hauetan, “familiei bultzada bat emateko” egingo dituztela: “Umeen zein gazteen etorkizuna ardatz dugu, eta garrantzitsua da ahal dugun heinean laguntza ematea”. Laguntzentzako aurrekontua Osoko Bilkuran onartu dute, eta 8.200 euroko aurrekontua dute.