Ez dago garaipen errazik
Xabi Barandika eta Unai Lekerika gernika-lumotarrek Thomas Urrutiaren eta Aimar Aldazabalen kontrako Jai Alai Winter Serieseko partidua 2-0 irabazi dute. Txarto hasi arren, urdinek buelta eman diote egoerari bigarren setean, baina ez da nahikoa izan etxekoak garaitzeko. Porrot horregaz, lehiaketatik kanporatuta geratu dira Urrutia eta Aldazabal.

Xabi Barandika eta Unai Lekerika gernika-lumotarrek Jai Alai Winter Series zesta-punta txapelketako hautagai nagusietako batzuk direla berretsi zuten atzo, zesta-punta txapelketako bosgarren jardunaldiko partiduan. A multzoko partidua izan zen, eta multzoko lidertzan dagoen bikoteak azken postuan daudenak eduki zituzten aurrez aurre: Pro Am lehiaketa irabazi duten Thomas Urrutia donibanegaraztar gaztea eta Aimar Aldazabal berriatuarra. Garaipen horregaz, Barandikak eta Lekerikak ia ziurtatuta daukate txapelketako hurrengo fasera sailkatzea. Gernika-Lumoko puntista bikotearen garaipenaz gain, atzoko protagonista nagusia Urrutia izan zen: bigarren setean erakustaldia eman zuen, eta partidua berdinketa haustera eroateko puntuan egon zen bere jokaldiekin.

Argazkia: Andoni Iparragirre/Guk Jai Alai.
Jai Alai pilotalekua jendez lepo agertu zen beste astelehen buruzuri batez; 1.500 ikusle bertaratu ziren ligaxkako partidua ikustera. Hurrengo asteko partidurako, gainera, ia sarrera guztiak salduta daude, norgehiagoka zutik ikusteko sarrerta gutxi batzuk baino ez baitaude salgai. Giro bikain hori lagun, partidua maila handiagaz eta, batez ere, berdintasunagaz abiatu zen: 3-3. Jarraian, baina, bikote urdinak gauzak errazegi utzi zizkieten etxeko pilotariei; Barandikak eta Lekerikak eraginkortasun handiagaz lortu zuten 14-4koa. Lehendabiziko setaren amaieran, baina, aldaketaren estreinako zantzuak erakutsi dituzte Urrutiak eta Aldazabalek: lau tanto egin dituzte segidan, aurpegia erakutsiz, eta, besteak beste, Donibane-Garaziko aurrelariak urrunetik egindako errebeskada sendo bategaz. Seta 15-8 amaitu zuten.

Argazkia: Andoni Iparragirre/Guk Jai Alai.

Argazkia: Andoni Iparragirre/Guk Jai Alai.