Ane Murielek maila handiko Espainiako Txapelketa lehiatu du
Ane Muriel Plaza igerilari gernika-lumotarra igeriketa sinkronizatuko Espainiako Txapelketan lehiatu da. Bakarka nahiz taldeka aritu da konpetitzen.
Ane Muriel Plaza igerilari gernika-lumotarrak igeriketa sinkronizatuko Espainiako Txapelketa lehiatu zuen joan den asteburuan, Madrilen. Asteburu osoan zehar, Sincro Urbarri igeriketa taldeko kidea Espainiar Estatuko igerilaririk puntakoenen aurka lehiatu zen, bakarka nahiz taldeka.
Espainiako Txapelketara “sentsazio bila eta ahalik eta probarik duinenak” egiteko asmoagaz joan zen Muriel. Zapatuan, 07:00etan ipini zuen abian bakarkako saioa; ordu horretan hasi zituzten igerilekuko entrenamendu ofizialak. Jarraian, 09:30ean, bakarkako txapelketa lehiatu zuen, eta 22. postuan amaitu. Arratsaldean, ostera, taldekako proba lehiatu zuen. 16:00etan sartu ziren Sincro Urbarri taldekoak uretara, eta 20:00etan hasi ziren lehiatzen. Etxebarriko taldeak taulako erdialdean sailkatzea lortu zuen: 32tik hamahirugarren.
Gernika-Lumoko igerilaria “pozik” agertu da eskuraturiko emaitzagaz, “lorpen distiratsuegia ez dela” azaldu arren: “Bai bakarka, bai taldeka oso kontziente ginen maila orokorra benetan handia zela, eta, horrenbestez, benetan gaitza izango zela goiko postuetara ailegatzea; dena dela, pozarren gaude lortutakoaz, batez ere, aurtengo denboraldia oso luzea izango dela ikusirik”.
Murielek nabarmendu du txapelketan estreinakoz indarrean ipini zuten FINA puntuazio sistema berriak “egokitzapen arazoak” sorrarazi zizkiola: “Araudia aldatu dute, eta lehen aldia izan da legedi berri horregaz lehiatu dudana; sistema berria denez, hartara moldatzeko tarte bat eskatzen du, eta hori ez da bat-batean gertatzen”.
Oso objektiboa eta oso zaila. Sistema aldaketak lehia “objektiboagoa izatea” dakarrela adierazi du, baina, era berean, inprobisazioari eta unean unekoari ateak zarratzen dizkiola ere bai. “Proba bakoitzean egingo ditugun mugimenduak apuntatuta aurkeztu behar ditugu aurretiaz; entrenamenduetan ere aldaketak sortzen ditu horrek, eta entrenatzailearen zeregina ere eraldatu egiten da”.
Madrilen lortutakoagaz “asebeteta” amaitu ondoren, Murielen hurrengo jomuga sistema berrira egokitzen segitzea izango da. “Nire ahuleziak zeintzuk diren identifikatzen jarraitu behar dut, puntuazioa ahal beste igo dadin”, azaldu du. Dantzaren eta musikaren sinkronizazioa landuko du bakarka, “batez ere amaiera hobetzeko”. Taldeka, ostera, “urduritasuna kudeatzea” dute erronka nagusi.