Txangolari lagunartea gailendu da Mundakako Bakailao Egunean
Santa Katalina jaien egitarau barruan, Bakailao Eguna egin dute gaur, Mundakan. Hamabi lagunartek izena eman dute bakailao txapelketan, eta giro ona nagusitu da goizean nahiz eguerdian. Txangolari lagunarteak poltsikoratu du pil-pilean egindako bakailaorik onenaren saria.
Mundakarrak festa eta ospakizun soinekoz jantzita daude egunotan. Izan ere, santakatalinak ospatzen ari dira herrian, eguenaz geroztik. Gaur, Santa Katalina Egunaren biharamunean, Bakailao Eguna ospatzen ari dira, goizetik hasita. Bakailaoa pil-pil erara zeinek hobeto prestatuko aritu dira eguerdiko txapelketan. Osotara, hamabi lagunartek izena eman dute lehiaketan, eta antolatzaileak “oso pozarren” agertu dira herritarrek Santa Katalina Jaietako lehia lagunkoi horri eman dioten erantzunagaz. Irati Gondra Mundakako alkateak adierazi du “oso polita” dela herritarrak jaietan “modu aktiboan eta adeitsuan” parte hartzen ikustea.
Izena emandako hamabi lagunarteek saria jaso duten arren, sailkapeneko lehendabiziko postuan amaitu duena eta, horrenbestez, bakailao txapelketan nagusitu dena Txangolari kuadrilla izan da. Bakailaoa prestatu duten bi sukaldi irabazleek poz-pozik jantzi dute txapeldunen txapelak eta sariak, Gondrak berak ipinita eta plazan bildu den jendetzaren txalo zaparradagaz. Garaipenagatik sentitzen zutenaz galdetuta, argi eta garbi utzi dituzte beren asmoak zein sentipenak: “Saria modurik onenean ospatuko dugu, Ikusteder elkartean bazkaritarako lagun denok bilduz eta alaitasunez ospatuz”.
Sari banaketa ekitaldiaren ondoren, poteo giroan batu dira hala parte-hartzaileak, nola bertaratu diren herritarrak, egunak ematen duenaz gozatzeko asmoz. Txapelketan parte hartu duten gainontzeko kuadrillak ondorengoak izan dira: Txoko Atorrak, Doski, Hego-Haize, La Lonja de Juanma, Anzoras, Aterpe, Katalintxu, Gautxori, Txulalai, Arketas 1 eta Arketas 2.