Giro atsegina, mistoa eta, batez ere, dantzaria
Elai Alai Dantza Taldeak Elai Alai Eguna ospatu du gaur. Agurra eta aurresku mistoa egin dituzte, bazkaria eta erromeria ibiltaria orduko.
Gernika-Lumoko Elai Alai Dantza Taldea ospakizunerako elkartu da gaur: Elai Alai Eguna egiten ari dira. Urteroko ohiturari jarraituz, Santa Xixili Egunaren ostekoak ospatzen dute elkartearen eguna. Egun osoko egitarauaz gozatuko dute elkartekideek, eguerditik hasita. Izan ere, 12:30ean Elai Alai Plazan elkarretaratzea egin dute; bertan bildu dira dantzariak zein eurak ikustera bertaraturiko herritarrak. Agurra dantzatu dute Andre Maria elizara begira, eta ikusleek txalo zaparradagaz erantzun diete dantzariei.
Bertatik, txistu eta danbolin hotsagaz Merkuriorainoko bidea egin dute, talde argazkia atera ondoren. Merkurion, aurresku mistoa ikusi ahal izan dute gernika-lumotarrek. Oraintsu hartutako ohitura da aurreskua formatu mistoan egitea; Lekeitioko ereduari jarraitu diote azken urteotan. Bertan, hain zuzen ere, tradizio handiko dantza da aurresku mistoa. Merkurioko dantza saioak ordu erdiko iraupena eduki du, eta bertara hurreraturiko herritarrek berotasuna igarri dute Elai Alaiko dantzariek.
Elkarteko bazkaria. Egunari doinua galdu barik, elkartekideek talde bazkaria egin dute; 51 lagun egon dira bazkari horretan. Arratsaldean zein iluntzean, aldarteak ez du behera egingo, kalez kale ariko baitira erromeria giroan, eguneko egitaraua osatuz.