Urko Lekerika: "Beteranoekin jokatzeko maila dugula erakutsi dugu pilotari gazteok"
Urko Lekerikak Jon Tamborindeguy ordezkatu du David Minviellen bikotekide legez, Jai Alai Winter Seriesen. Etorkizun oso distiratsua duela erakutsi du puntista gernika-lumotarrak.
Zelako bizipena izan zen astelehenean Jai Alai Winter Serieseko partidua jokatzea?
Oso polita izan zen. Aste bi lehenago abisatu ninduten Tamborindeguy belaunean min hartuta zegoela, eta ilusioz hartu nuen albistea; gogor entrenatu nuen, profesionalekin jokatzea goi-mailako zerbait den jakitun.
Urduritasunez hartu zenuen albistea?
Egia esan, ez. Uste nuena baino lasaiago igaro ditut egunak.
Zelako partidua izan zen? Maila salto handia igarri zenuen?
Oso gogorra. Profesional mailan, pilotak biziagoak dira, eta bizkorrago jokatzen da erritmo aldetik. Oro har, partidu orekatua jokatu genuen. Lehen setean kostatu egin zitzaigun kantxan gure tokia topatzea, baina bigarrenean hobeto ibili ginen, eta berdinketa haustean, hain zuzen, berdinketa nabarmendu zen.
Asteburuan 35. Berritxu Sarian jokatu zenuen, nekea igarri zenuen?
Nekea barik, maila. Zenbat eta partidu gehiago jokatu, orduan eta aberasgarriagoa da fisikoki profesionalen mailara egokitzeko.
Zelan moldatu zinen David Minviellegaz? Zelako puntista da?
Bikain. Komunikazio ona eduki genuen, eta ederto lagundu genion elkarri. Minvielle puntista oso segurua da, eta izugarri laguntzen du atzealdeko koadroetan.
Zelan ikusi zenituen Johan Sorozabal eta Julen Del Rio?
Biak ala biak maila handia aritu ziren. Del Riok, esaterako, bere eskumakadekin min handia egin zidan; ni jokotik ateratzen saiatu zen. Sorozabalek, ostera bere jokoa egin zuen aurrealdean, eta bere mailarik onena erakutsi zuen. Etorkizunera begira, pilotaririk onenetakoa izango dela frogatu zuen.
Gazteak lehen mailan, beraz?
Badirudi baietz. Pilotari gazteok erakutsi dugu beteranoekin jokatzeko moduko maila dugula; orain aukerok gehiago izatea baino ez da geratzen.
Zer da gehien harritu zaituena Jai Alaiko atmosferatik?
Ikusleen berotasuna. Aste bi lehenagotik nekien Jai Alai jendez gainezka egongo zela, baina, kantxara ateratzean, zarata eta ikuskizuna itzela zela konturatu nintzen.
Anaiaren kontra jokatzea gustatuko litzaizuke?
Aurkari legez baino, anaigaz bikote jokatu gura nuke. Era berean, Winter Seriesen Iñaki Osa Goikoetxea edota Imanol Lopez moduko puntistak daude, niretzat erreferenteak direnak: lehenengoa umetatik erreferentetzat eduki dut; bigarrena, ostera, egungo atzelaririk onena dela iruditzen zait. Gainera, multzo berean daude biak, beren bikoteekin. Gaitza izango da urtarrilean bien aurka jokatzea, baina izugarri gustatuko litzaidake.
Hurrengo partidua Diego Beaskoetxea eta Lopezen aurka jokatuko duzue. Irakaslea eta ikaslea aurrez aurre?
Hori da. Beaskoetxea zesta-eskolako irakaslea da, eta berezia izango da txapelketa handi batean eta geure ikusleen aurrean bere aurka jokatzea.
Zeintzuk dira zure hautagaiak Winter Series irabazteko?
Ez da esaten erraza, pilotari guztien maila, oro har, egundokoa baita. Nik etxera egingo dut, eta neure anaia Unai Lekerika eta Xabi Barandika esango ditut. Biak ala biak sasoi betean daude, eta oso gogotsu Gernika-Lumoko ikusleen aurrean txapelketa elkarregaz irabazteko. Eurekin batera, Goikoetxeak eta Nicolas Etxetok osatutako bikotea aupatuko nuke.
Etorkizunera begira, zeintzuk dira zure asmoak?
Momentuz, lanean jarraitzeko motibatuta nago. Profesionalekin jokatzeko aukera suertatzen baldin bazait, ez diot ihes egiten utziko.