Pablo Gonzalezek, gutxienez, urtea beteko du espetxean
Hiru hilabetez luzatu dute Pablo Gonzalezen behin-behineko espetxealdia. Beraz, gutxienez, urtebete egingo du kartzelan. Zigorra hiru hilabetez luzatzen dioten hirugarren aldia da, otsailean atxilotu zutenez geroztik.
Przemyslgo (Polonia) Lurralde Auzitegiak beste hiru hilabetez luzatu du Pablo Gonzalez kazetari elantxobetarraren behin-behineko espetxe zigorra. Epaimahaiaren ordezkariek adierazi dute hiru hilabeteko luzapenaren arazoiak “guztiz konfidentzialak” direla. Gonzalez otsailaren 28az geroztik dago kartzelan, Errusiaren aldeko espioitza lanak egotzita. Polonia eta Ukraina bitarteko mugan atxilotu zuten elantxobetarra, otsailaren 27tik 28ra arteko gauean; ordutik, isolamenduan egon da. Herenegun jaso zuen, Radomgo espetxean, estreinako bisita. Bere emazte Oihana Goirienak senarragaz ordu bi egoteko aukera eduki zuen, betiere Poloniako inteligentzia zerbitzuetako kide batek gainbegiratuta.
Goirienak zigorraren hiru hilabeteko luzapena espero zuela azaldu du: “Ez genuen aurreikusten epaileak aldeko hauturik hartuko zuenik”. Hiru hilabete gehigarri horiekin, Gonzalezek urtebete beteko du espetxean. Behin urtea beteta, bere auziaren prozeduraren inguruabarrak aldatu egingo direla argitu du Goirienak, baina oraindik goizegi da jakiteko prozedura aldaketok Gonzalezen alde edo kontra izango diren. Hirugarren aldia da Gonzalezen espetxealdia hiru hilabetez luzatuko dutena. Izan ere, atxilotu zutenean ezarritako estreinako zigorra hiru hilabetekoa izan zen; ekain hasieran jaso zuen lehen luzapena; abuztu amaieran, bigarrena.