Kultura ardatz hartuta, bidezkoagoa den munduaren alde abestuko dute
Fair Saturday egunaren harira, Segundo Olaeta Musika Eskolako musikariek eta Andra Mari Koralekoek elkartasun kontzertua eskainiko dute, etzi, Lizeo Antzokian.
Black friday egun “kontsumistaren” ostean, Fair Saturday egunaren harira, artea eta kultura gizartearen erdigunean kokatzeko elkartasun kontzertua eskainiko dute Segundo Olaeta Musika Eskolako musikariek eta Andra Mari Koralekoek, etzi, 19:30ean, Lizeo Antzokian.
“Ziurgabetasun garaian, inoiz baino beharrezkoagoa da artisten eta kultura eta gizarte erakundeen lana aitortzea eta haien lana babestea, sortzen eta sortzen jarraitu dezaten”, adierazi dute musika eskolako arduradunek. Diotenez, gero eta herri eta hiri gehiago ari dira Fair Saturday egunagaz bat egiten, “egun paregabea” sortuz eta pertsonen eta herrien arteko zubiak eraikiz.
Gernika-Lumon ere ospatuko dute eguna, eta musika eskolako kideak eta koralekoak batuko dira, elkarlanean, kontzertu “hunkigarria” eskainiz. Izan ere, Euskal Herrian ezagunak diren Mikel Laboa edo Benito Lertxundi abeslarien kanta goxoak interpretatuko dituzte, baina baita mundu mailan izarrak diren Lady Gaga edo Stevie Wonder bezalako musikarien jazz edo disko kantuak ere. Duela gutxi zendu den Ennio Morricone omenduko dutela ere jakinarazi dute, bere sinfonismo eta melodia ederrez jositako The Mission soinu banda interpretatuko dutelako.
Elkartasuna, Tximurka elkarteari.
Segundo Olaeta Musika Eskolakoek jakinarazi dute elkartasun kontzertuko sarrerak bost eurotan salduko dituztela, eta sarreren salmentatik eskuratutako dirua izaera kulturala duen Tximurka Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat izango dela.
Elkartearen helburua da musika ikasketak, praktika instrumentala eta ezagutza kulturala “ahulak” diren kolektiboetara eramatea, “errefuxiatuengana, migratzaileengana eta gizarte bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonengana”.
“Etorkizuna zelan sortzen ari garen pentsatzeko unea da. Egungo eredu soziekonomikoak berrikusi behar dira, gizarte, ingurumen eta ekonomia erronkei erantzuteko. Eta, horretarako, gizartye bidezkoagoak eta garatuagoak eraikitzeko funtsezko elementu batzuk daudela uste dugu: kultura, zientzia eta enpatia soziala“, adierazi dute arduradunek. Hala, herritarrei elkartasun kontzertura bertaratzeko deia egin diete.