Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguneko adierazpena onartu dute Mundakako Eskolako ikasleek
Osoko bilkuran Azaroaren 25eko adierazpen ofizial propioa bozkatu du eskolako neskek osatutako udalbatzak. Irati Gondra Mundakako alkatearen berbetan, ekimena antolatzearen helburu nagusia izan da herriko gazteei osoko bilkuren prozedimendua erakustea.
Mundakako Udalak antolatuta, Mundakako Eskolako ikasleek osoko bilkura bateko prozedimendua irudikatu dute. Bilkuran Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguneko adierazpen ofizial propioa bozkatu dute Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako neskek; hamar neskak osatu dute udalbatza, alkate, zinegotzi eta idazkari paperean jarrita. Adierazpen ofiziala aho batez onartu du udalbatzak.
Bilkura hasi aurretik, Mundakako alkate Irati Gondrak ongietorria eman die osoko bilkurara hurbildutako eskolako gainontzeko zikloetako ikasleei: “Ongi etorri danori gaurko osoko bilkurara. Hemen batzen gara, bihar, azaroaren 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna delako. Horrelako egun garrantzitsu baten aurrean, gobernuek eta udalek adierazpen ofiziala prestatzen dugu. Adierazpen hori osoko bilkuran onartu behar izaten da, eta hori da gaur antzeztuko digutena azken zikloko neskek”.
Alkate lanetan aritu den Marenek azaldu du udalbaltzak “emakumezkoen eta gizonezkoen tratu onaren aldeko konpromisoa” hartu duela. Jarraian, zinegotziek adierazpen ofiziala irakurri dute. Besteak beste, “errespetuz tratatu eta maitasunez hitz egin” behar dutela, arazoak hitz eginez konpondu behar direla, eta gizonezkoek eta emakumezkoek ikasteko eta lan egiteko “baldintza berdinak” izan behar dituztela jaso dute adierazpenean. “Neskak zein mutilak libre izan behar gara. Danok izan behar gara feministak, eta lan hau ez da Azaroaren 25koa bakarrik, egunerokoa baizik”, irakurri dute.
Osoko bilkura amaieran, eskolako ikasleek sortutako udalbatzak eta Mundakako alkateak adierazpen ofiziala sinatu dute.
Ekimenaren helburua. Gondrak azaldu du ekimena antolatzearen arrazoi nagusia izan dela herriko gazteei osoko bilkura baten “prozedimendua nolakoa den erakustea”. Gainera, emakumezkoz beteriko udalbatza bat ikusteak “oso harro” sentiarazten diola aitortu du Gondrak. Mundakan lehenenego aldiz egin den ekimena izan da gaurkoa, eta alkateak azaldu du Berdintasun Planaren barruan antolatu dela. Ez du ahaztu nahi izan eskolako irakasleek egin duten lana, eta hauentzako ere hitz politak izan ditu bilkuraren aurkezpenean.