Burgosen aurkakoan Urbieta alde izateko beharrez
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak Recoletas Burgos – Universidad de Burgosen kontra jokatuko du domekan, 12:30ean, Urbietan. ohorezko Mailako seigarren jardunaldiko partidua izango da.
Grupo Intxausti-Gernika Rugby Taldeak Ohorezko Mailako seigarren jardunaldiko partidua jokatuko du asteburuan. Domekan, 12:30ean hasita, Recoletas Burgos-Universidad de Burgos taldea edukiko dute aurrez aurre Urbietako zelaigunean basurdeek. Urbietan jokatuko duten bigarren norgehiagoka izango da aurtengo ligan, eta talde gernika-lumotarraren helburua azken partiduetako porroten dinamika gelditzea izango da, lehiaketan puntuak biltzen hasteko.
Recoletas Burgos-Universidad de Burgos aurkari “gogorra eta lehiakorra” izango da, Gernika RTko entrenatzaile Eduardo Maidaganek adierazi duenaren arabera. “Ligako sailkapenean erditik gora kokatuta daude, lehen postuetako talde ia-ia ukiezinen ondoren; postu horrek, beraz, argi eta garbi uzten du maila handiko taldea dela”. Burgostarrak, hain zuzen, seigarrenak dira taulan; basurdeak, ostera, azken-aurrenak. Lehenengoek, bost partidu lehiatu eta gero, hamalau puntu dituzte; bigarrenek, lau jokaturik, ez dute punturik eskuratu gaur-gaurkoz.
Maidaganek azaldu du, Burgosi irabazteko, taldeak bere aurpegirik lehiakorrena erakutsi beharko duela: “Azken partiduan garaipen oso pisutsua lortu zuten; hortaz, jakin badakigu oso sendo eta motibatuta etorriko direla Urbietara. Besteren artean, jokalari oso gogorrak dituzte; hankagaz bikain moldatzen den hamarra daukate; baita abiaduradun nahiz erresistentziadun jokalariak ere”.
Baliabide denak beharrezko. Gernika RTk Complutense Cisneros talde madrildarraren kontra jokatu zuen lehen partidua etxean; taldeak ez zuen mailarik erakutsi, eta 26-40 galdu zuten. Domekan, baina, etxekoen aurrean itxura eman gura dutela azaldu du miadaganek: “Taldeak etxekoen beharra du gura duen jokoa egiteko; aurtengo erronka Urbieta geure gotorleku bihurtzea zela adierazi genuen denboraldi hasieran, eta gurari horregaz segitzen dugu”. Era berean, egunotako euriteek etxeko taldeari mesede egingo diotela argitu du Maidaganek: “Zelaia basaztuta eta pisutsu badago, jokoa motelagoa izango da, guretzako egokiagoa. Alde horretatik baditugu aukerak“.